Itsasertzetako zuzendaritzak hondartzan egin dituen birprofilaketa lanak bukatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak berriro ekin dio Antilla hondartzako duna-eremua sortzeari.
Aurtengo neguko denboraleek erabat txikituta utzi zuten 2013ko urtearen hasieran Aldundiak, proiektu pilotu gisa, hondartzan sortu zuen duna-eremu berria: urak eraman egin zituen bai hesiak eta bai landareak.
Aste honetan hasi dira eremua inguratzen duten hesiak eta zumezko babesak jartzen eta datorren astean egingo dituzte landaketak, dunetako landaredian espezializatutako Santanderko haztegi batetik ekarritako landareekin. Duna eremua hondartzaren ezker aldean sortuko dute, espigoiaren eta itsas pasealekuaren ertzean. Bertan dunetako ekosistema berezia birsortzea da lanen helburua.