Antillako dunetako zurezko pasabide bat aldatu du Udalak, eta hormigoizkoa jarri

Udalak aldatu egin du Antillako dunetako pasabide bat, gehien erabiltzen dena: kirol portuaren gaineko pasealekua ahateen parkearekin eta errio ondoko pasealekuarekin lotzen duena.

Zurezko xaflez osatuta zegoen pasabide hori, gainerakoak bezala; baina, asko erabiltzen denez, xaflak oso sarri puskatzen ziren eta kostu handia zuen behar bezala mantentzeak. Gainera, aldapatsua da eta herritar bat baino gehiago erori izan da, estrapozo eginda. Horregatik erabaki du Udalak pasabide hori aldatzea eta zurezko xaflen ordez, hormigoi inprimatua erabiltzea. Gainerako pasabideak dauden horretan utziko dira, duna eremu bati dagokion bezala.

Aste honetan egin da lana eta pasabidea itxita dago momentuz, lehortu eta gogortu arte. Datorren astean irekiko da ostera.

Obraren kostua 7.500 eurokoa izan da.