Erakusketa abuztuaren 1etik 21era bitartean izango da zabalik Kultur Etxeko areto nagusian. Ordutegia hau izango da: 19:00etatik 21:00etara; larunbat eta jaiegunetan goizez ere zabalduko da, 12:30etatik 14:30etara.
Anton Urreisti Mutrikun jaio zen 1960an, eta gaur egun Mendaron bizi da. Hau da Orioko Kultur Etxean egingo duen lehendabiziko erakusketa, baina hemendik kanpo egin ditu batzuk:
- 1985ean, Mutrikun, herriko beste artista batzuekin batera.
- 2003an, Mendaroko Otaerre aretoan, olio pinturen erakusketa.
- 2004an, Elgoibarko Kultur Etxean, olio pinturen erakusketa.
- 2005ean, Azkoitiko Torre Zuri erakustokian, olio pinturen erakusketa.
Erakusketa horiek egiteaz gain, hainbat sari ere irabazi ditu; azken urteetan irabazitakoak hauek dira:
- Mendaroko festa programaren azaleko saria.
- Mendaroko aire libreko pintura lehiaketaren lehen saria.
Anton Urreisti txikitan hasi zen margotzen eta, hasieran, akuarela erabiltzen zuen nagusiki. Gero, berriz, olio pintura lantzen hasi zen eta gaur egun hori erabiltzen du batez ere. Pintore autodidakta da eta Ignazio Zuloaga eta Luziano ditu inspirazio iturri.
Orioko Kultur Etxean 35 bat koadro erakutsiko ditu; batzuk, aurreko urteetakoak, errealismotik gertukoak eta, beste batzuk, berriz, iaztik honakoak, modernoagoak eta inpresionistagoak. Anton Urreistiren pintura ibilbidean bi fase nabarmen izan dira eta bietako lanak izango dira erakusketan.