Apirilaren 4ko nazioarteko estropadak aurkeztu dituzte udaletxean

Datorren apirilaren 4an, larunbatarekin, Orioko 16. nazioarteko estropadak jokatuko dira.

Aurten nazioarteko estropadak berriro antolatzeko ideia Arraunketa Elkartearen 50. urteurreneko ospakizunen testuinguruan sortu zen. Arraun-festa handia izango da eta martxoaren 25ean egin zuten udaletxean horren aurkezpena. Bertan izan ziren, Arraun Elkarteko ordezkariez gain, Udalekoak, Foru Aldundikoa eta Eusko Jaurlaritzakoa.

Apirilaren 4ko programa

Egun osoko arraun-festa izango da apirilaren 4koa. Honako hau da eguneko programa:

Goizetik, haurrentzako tailerrak izango dira BABYAUTO gunean.

11:30 Talde parte-hartzaileak aurkezteko ekitaldia.

12:00 Musika lehiaketa. Honako taldeek parte hartuko dute:

  • Miravalles (Candas, Asturies)
  • Els Vinardells (Vilafranca del Penedés, Herrialde Katalanak)
  • Talai Mendi txaranga (Orio, Euskal Herria)

16:15 Orioko 16. nazioarteko estropadak.

17:40 Sarien banaketa moila aurreko pantalanean.

Arratsaldean eta iluntzean: txarangak ibiliko dira kalez kale.

Udalaren bandoa

Apirilaren 4ko estropadak direla-eta, Udalak honako bandoa kaleratu du:

Herritar laguna,

50 urte bete ditu Orioko Arraunketa Elkarteak. Arraun ibilbide luze horretan beste mugarri bat jartzera goaz aurten: apirilaren 4an, larunbatarekin, 16. Nazioarteko Estropadak jokatuko dira. Zortziko eta lauko onenak Oria ibaian izango dira lehian, Arraunetxe paretik plazaraino. Mimo handiz prestatu dugu dena eta egun borobila izatea nahi genuke.

Estropadak direla-eta, Ibon Huegun Orioko Arraunketa Elkarteko presidentea eta Beñat Solaberrieta Orioko alkatea eskari bateratua egitera gatoz:

  • Traineru denboraldian ohitura den bezala, herriko balkoiak apaintzeko eskaera egin nahi dizuegu: bandera horiak, herriko denda eta tabernetan banatuko diren globoak, apaingarriak, arraunak… dena da baleko estropada aurreko egunak girotzeko.
  • Apirilaren 4a egun osoko jaia izango da eta goiz-goizetik kamiseta horia jantzita kalera ateratzea eskatzen dizuegu oriotarrei.

Estropada jokatzen ari den bitartean eta ontziak zubira gerturatu ahala, autoei bidea moztuko zaie zubian eta plazan, estropada ikusten ari direnen segurtasuna bermatzeko. Udaltzainak eta Orioko Arraunketa Elkarteko borondatezko kideak arituko dira trafikoa bideratzen.

Mila esker, aldez aurretik, zuen laguntzagatik.

Goza dezagun arraunaz eta herriaz!

Orio, 2015eko martxoaren 25a.

Orioko alkatea

Beñat Solaberrieta