Apiriletik aurrera aurreikusita dauzkan lanen berri eman du Udalak

Udalak otsailaren bukaeran onartu zuen aurtengo aurrekontua eta Obra eta Zerbitzuetako batzorde buru Amaia Doronsorok oharra kaleratu du, datozen hilabeteotan batzordeak egingo dituen hainbat lanen berri emateko:

Ibai Ondo eta Anibarko Portua arteko argiteria

Udalak hainbat aktuazio egin ditu dagoeneko, Ibai Ondotik Anibarko Portura doan pasealekuko argiteria hobetzeko. Apirilean 20 farolaren argi-buruak aldatuko dira eta, horrekin, argiteriarekin tarte horretan izan diren arazoak konponduta geratuko dira, neurri handi batean.

Muntoko pasealekua

Muntoko pasealekuan hautsita dauden bi ‘boladizoak’ konponduko dira. Lanak apirilaren erdi aldera hasiko dira eta bost bat egun iraungo dute.

Kale Nagusia

Kale Nagusiaren bukaeran, goi aldean, galtzarrizko zorua egoera txarrean dago eta konpondu egingo da, galtzarria berrituz. Lanak apirilean egingo dira.

Anibarko Portuko aparkalekuak

Anibarko Portuko aparkalekuetan lurreko marrak pintatuko dira apirilean, auzokoek hala eskatuta.

Dikeko aldapa

Dikeko aldapan, Antxiola kalean, alboko harrizko hesia berrituko da, gaur egun oso egoera txarrean dagoelako. Lan hori ere apirilean egingo da.

Ohiko mantentze-lanak

Bestalde, eguraldi onarekin batera, ohiko lan batzuei ekingo die Udalak: altzari urbanoak pintatu eta konpondu, lorategiak txukundu…