Arkitekto tekniko bat kontratatzeko prozesua abiatu du Udalak, denboraldiko ordezkapena egiteko

oriokoudalazabalaGaur bertan zabaldu du Udalak arkitekto teknikoa kontratatzeko lehiaketa bidezko prozesua. Lan eskaintza Lanbideren bitartez egingo da eta interesa dutenek, beraz, Lanbiden eman beharko dute izena.

Lanpostuaren ezaugarriei erreparatuz, denbora osoko lanaldia izango da eta, hasiera batean, kontratuaren iraupena 2 hilabete ingurukoa  izango da. Nolanahi ere, baja bat estaltzeko denez, beharren arabera kontratua luzatu ahal izango da.

Hautagaiek bete beharreko arduren artean daude, esate baterako: udal zerbitzuen kudeaketa eta jarraipena; bide, eraikin eta azpiegitura publikoetan sustatzen diren obra txikiak zuzentzea; brigadaren eginbeharrak zehaztea; pleguak idaztea; obra txikien baimenak aztertzea edota hirigintza sailari laguntza teknikoa ematea, besteak beste.

Baldintzak

Hautagaiek honako baldintzak bete behar dituzte:

  • Arkitekto tekniko edo indarrean dagoen legerian horren parekoa den tituluren bat edukitzea
  • 3. HE edo baliokidea den hizkuntza eskakizunaren jabe izatea

Baloratuko diren merezimenduak

Lan esperientziari dagokionez, honako merezimenduak baloratuko dira:

  • Administrazio publikoan antzeko funtzio eta ardurak bete izana
  • Enpresa pribatuan, Administrazio Publikoari hirigintza-gaietako aholkularitza eta kudeaketa zerbitzuak eman izana

Prestakuntzari dagokionez, baloratuko da deitutako lanpostuarekin zuzeneko lotura duten ikastaroak egin izana, zentro ofizialetan edo homologatuetan: INAP, IVAP, Eskola Profesionalak, Eskola Ofizialak eta Unibertsitateak. 20 orduz azpikoak edo ordu-kopurua zehaztu gabe duten ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Oharrak

  • 2018ko apirilaren 24ra arteko merezimenduak kontatuko dira.
  • Hautagaiek kontuan hartzea nahi dituzten merezimenduen datuak Lanbiden eguneratu beharko dituzte, horiek hartuko baitira kontuan. Horrez gain,  oinarrietan jasotako irizpideetan azaltzen den moduan egiaztatu beharko dituzte.

Behin merezimenduen balorazioa eginda, lanpostuaren ardurekin zerikusia duen elkarrizketa praktikoa egingo da. Kasu honetan, hautagaien kopurua handia izanez gero, epaimahaiak erabaki dezake elkarrizketa, merezimenduen atalean puntuaziorik altuena lortu duten hautagaiei bakarrik egitea.