Arrakastatsuak izan dira Parketarrak programaren lehen bi saioak

Udalak eta herriko bi ikastetxeek elkarlanean antolatutako ‘Aita, ama… kontu bat dut zuei esateko…’ egitasmoaren barruan, Urtxintxa aisialdi eskolako begiraleek ‘Parketarrak’ programako bi saio egin dituzte aste honetan (maiatzaren 6 eta 7an), haurrak eta gurasoak elkarrekin euskaraz jolasten jartzeko.

Lehen saioa astearte arratsaldean egin zuten Kosta tailerraren ondoko parkean eta, eguraldi ona lagun, haur eta guraso asko jarri zituzten elkarrekin jostatzen: 20-25 guraso eta 25-30 haur. Bigarren saioa, berriz, arranpla ondoko parkean egin zuten asteazkenean eta beste horrenbeste edo gehiago guraso eta haur ibili ziren jostatzen.

Ekimen honen bidez, Udalak eta ikastetxeek euskararen erabilera handitu nahi dute kalean eta parkeetan. Haurrengan eragiteaz gain, helduen euskararen erabileran eragitea du helburu nagusia.

Maiatzeko astearte eta asteazkenetan

Maiatzeko astearte eta asteazken guztietan egingo dira saioak:

Asteartetan (maiatzak 6, 13, 20 eta 27an) Kosta tailerraren ondoko parkean izango da, 16:30ean hasita.

Asteazkenetan (maiatzak 7, 14, 21 eta 28) arranpla ondoko parkean izango da, 16:45ean hasita.

Egun bakoitzean bi saio egingo dituzten Urtxintxako begiraleek: aurrenekoa 3-5 urte bitarteko haur eta familientzat, eta bigarrena 6-9 urte bitarteko haurrentzat.