Aste Santuan hiru bisita gidatu antolatu ditu turismo-bulegoak

Orioko itsas ondarean sakontzeko bisita gidatuek jarraipena izango dute Aste Santuan, apirilaren 14an, 16an eta 17an saio bana programatu baitu turismo-bulegoak. 11:00etan Pilliku plazatik aterako dira, turismo-bulegoaren paretik, eta Kale Nagusian barrena, herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan. Osteguneko eta igandeko bisitak euskaraz izango dira, eta larunbatekoa gaztelaniaz.

Martxoa Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea dela-eta, turismo-bulegoak bisita gidatua antolatu zuen martxoaren 26an eta, saioak izandako arrakasta ikusita, Aste Santuko oporraldian errepikatuko du eskaintza.

Hiribilduaren sorrera, burdinolak, merkataritzatik eratorritako zergak, ontziolak, balea-arrantza… Mende luzez, Orioko ekonomiak eta gizarteak lotura estua izan du errioarekin, eta horrek herriaren eta herritarren nortasuna zizelkatu du. Bisitaren helburua iragan horretan barneratzea da, modu atsegin batean.

Izen-ematea

Bisita gidatuak hiru euro balio ditu (12 urtez azpikoak, doan), eta turismo-bulegoan bertan eman behar da izena, orioturismo@gmail.com e-postan edo 943 83 55 65 telefonoan.

Osteguneko eta igandeko bisitak, apirilak 14 eta 17, euskaraz izango dira, eta larunbatekoa, apirilak 16, gaztelaniaz.