Astelehenean inauguratuko da kultur etxean ‘Euskara, ospeletik eguterara’ erakusketa, Dabid Anauten hitzaldiarekin

Erakusketa inauguratzeko, hitzaldia emango du Dabid Anaut euskara-teknikari eta ‘Euskararen kate hautsiak’ liburuaren egileak, 19:00etan hasita. Hitzaldiaren aurretik, Euskal Memoria fundazioak erakusketarako prestatu duen dokumental laburra ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Erakusketa zabalik izango da Orioko kultur etxeko areto nagusian, goiz eta arratsaldez, azaroaren 10etik 23ra bitartean.

Euskarak historian zehar izan dituen erasoen berri ematen du erakusketak

Erakusketak euskararen zapalkuntza ezagutu eta oroitzeko bidea eskainiko du, baita horren kontakizuna guztien artean osatzen segitzeko aukera ere.

Euskal Memoria fundazioak prestatu du erakusketa, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkar lanean eta, antolatzaileen hitzetan hau du helburu: “Euskararen kontrako jazarpen iraunkorra agerian utzi, euskaldunek jasandakoa haien ahotan ezagutarazi, eta zapalkuntza horren lekukotasunak biltzen segitzeko bidea jartzea da honen helburua. Memoria guztion artean jostekoa baita”.

Dokumentalaren promoziorako egindako bideo laburra

‘Euskara, ospela eta egutera’ dokumentala osorik

Bai hitzaldia eta bai erakusketa ‘Euskaraz bizi-bizi’ jardunaldiaren barruan antolatu ditu Orioko Udalak.