Orioko itsas ondarea ezagutzeko hitzaldi ibiltaria emango du Xabier Alberdi historialariak igandean

Gure itsas ondarea ezagutzeko hitzaldi ibiltariak antolatu dituzte Urola Kostako turismo bulegoek

Joan den igandean egin zen lehenbizikoa, Aian, eta oso interesgarria izan zen. Igande honetan, azaroak 9, Oriokoaren txanda da.

Orioko hitzaldi ibiltaria igande goizean egingo da, 11:00etan hasita. Juntatzeko lekua Etxeluze izango da, gaur egun gaztetxe dena. Xabier Alberdi historialari zarauztarrak herrian barrena eramango ditu bertaratzen direnak, Etxeluze parean hasi eta Frantses fabrikaren muturreraino, tokiz toki geldialdiak eginez azalpenak emateko.

Xabier Alberdik gidatuta

Xabier Alberdik gidatuko ditu eskualdeko hitzaldi ibiltari guztiak. Xabier itsas ondarean espezializatutako historialaria da eta asko daki eskualde honetako itsaso kontu zaharrez. Orion ezaguna da, lehen ere hitzaldiak eman izan dituelako eta, besteak beste, Orioko baserriei buruzko lan bat egin zuelako, Udalaren enkarguz.

Hitzaldi ibiltariak irekiak eta doakoak izango dira.

Egunak eta tokiak

Azaroko igandeetan izango dira hitzaldi gehienak, goizeko 11etan hasita. Lehenbizikoa egina dago dagoeneko eta hauek dira falta direnak:

Azaroak 9, igandea: Orion

Azaroak 16, igandea: Getarian

Azaroak 23, igandea: Zumaian

Azaroak 27, osteguna, arratsaldez: Zarautzen, Jon Maiaren hitzaldia.