Astelehenetik aurrera, txartelarekin irekiko dira berriz organikoaren eta errefusaren edukiontziak

Urriaz geroztik, hondakinak biltzeko sistema berrantolatzen ari da Urola Kostako Udal Elkartea: kaleko edukiontzien erabilera eta saltoki eta enpresetako hondakinen bilketa aztertu du eta optimizatzeko neurriak hartuko ditu herriz herri.

Txartela erabili beharko da berriz

Errefusaren eta organikoaren edukiontziak berriz ixtea erabaki du Udal Elkarteak eta, irekitzeko, lehen bezala, txartel magnetikoa erabili beharko dute herritarrek.

Joan den martxoan zabaldu egin ziren bi edukiontzi horiek, COVID-19aren hedapenari erantzun eta herritarren segurtasuna bermatzeko. Harrezkero, organikoaren edukiontzietan gora egin du hondakin desegokien kopuruak eta errefusaren edukiontzietan, berriz, ostalaritzako poltsa beltz asko agertzen ari dira. Horregatik erabaki du Udal Elkarteak edukiontzi horiek berriz ixtea eta txartel bidez irekitzeko moduan uztea.

Aian eta Orion azaroaren 30ean itxiko dira edukiontziak. Beraz, datorren astelehenetik aurrera, txartel bidez zabaldu beharko dira organikoaren eta errefusaren edukiontziak bi herrietan.

Etxe bakoitzak, bere txartela

Txartel bakoitza etxebizitzari dagokio, eta bakar-bakarrik irekitzen ditu norberaren etxebizitzari dagozkion hondakin-guneko organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Txartela galdu edota hondatuz gero, berri bat eskuratu ahal izango da udaletxean edo Udal Elkartean.

Txartelaren inguruko gorabeheraren bat izanez gero, herritarren eskura dago Hondakinak Biltzeko Zerbitzuaren informazio eta arreta zerbitzua:

  • Urola Kostako Udal Elkartea. Hondakinak Biltzeko Zerbitzua
  • Urdaneta bidea 6, 20800 Zarautz
  • Tel. 943 890808
  • hondakinak@urolakosta.eus