Aurtengo janari-bilketaren balorazio ona egin du Gueraraorio elkarteak

Saharako herriarekiko elkartasunez Orion sortutako Gueraraorio elkarteak janari-bilketa egin zuen urtarrilean, sahararren kanpamenduetara eramateko. Argazkian ageri dira Orioko ikastolako ikasle eta irakasle batzuk, bildutako materiala elkarteari entregatu zioten egunean.

Gueraraorio elkarteak adierazi duenez, 1.200 kilo janari eta material bildu dituzte oriotarren eskuzabaltasunari esker. Guztira, 100 kutxa material osatu dute eta dagoeneko eraman dituzte Donostiara, hango biltegian jasotzeko, Saharako kanpamenduetara eraman aurretik. Bildutako material guztia otsailaren bukaeran abiatuko da Euskal Herritik Saharara, karabana solidario batean.

Orion bildu den materialaren parterik handiena janaria da (lekaleak, arroza, ogirina, atun-latak…); baina, horrez gain, elkarteak bildu ditu bestelakoak baita ere: 10 gurpildun aulki, erizaintzan erabiltzeko latexko eskularruak, eskolako materiala, arropa, botikak…

Gueraraorio elkarteak eskerrak eman nahi dizkie bilketan laguntza eman duten guztiei: Orioko Udala, herriko bi eskolak, elkarteak, dendariak, herritarrak…