Babarrun jana antolatu dute aurten ere San Nikolas jaietan

Babarrun janerako txartelak azaroaren 18tik aurrera jarriko dira salgai kultur etxean eta hiru taberna hauetan: Hatoz, Gabon eta Errusta. Bi preziotako txartelak egongo dira: helduek 10 euro ordainduko dute eta 12 urtetik beherako haurrek, berriz, 5 euro. Txartela erosteko azken eguna abenduaren 1a da.

Festa batzordean parte hartzen duten gazte batzuek antolatu dute babarrun jana, Orioko Gure Esku Dago elkartearen laguntzarekin.

Abenduaren 6an, kiroldegian

Bazkaria, aurreko urteetan bezala, kiroldegian egingo da. Aurtengoa San Nikolas egunean izango da, abenduaren 6an, 14:00etan hasita. Bazkaltiarrak Herriko Plazan juntatuko dira eta kale-jiran joango dira kiroldegiraino, musikaz lagunduta.

Bazkalondoan erromeria izango da bertan, Julen eta Iñaki trikitilariekin.

Bazkarian jende asko izatea aurreikusten dute antolatzaileek eta, beraz, antolakuntzan parte hartzeko jendea nahi dute. Lagundu nahi dutenek deitu dezatela 688 631 740 telefonora.