Badatoz San Nikolas jaiak!

  • sanikolas2014

Urteroko ekitaldiak izango dira egitarauaren oinarri: festen hasierako deiadarra, Pello eta Nikolasa erraldoien eta txistularien eguneroko buelta, soka dantza, dantza sueltoko txapelketa, San Nikolas gaueko bertso saioa eta 3×3 saskibaloi txapelketa abenduaren 8an, besteak beste. Aurrerantzean bidea egitekotan, aurten lehen aldiz herri kalejira egingo da, festen atarian egingo den herriko taldeen desfilea.

Emanaldi berrien artean kiroletakoek leku nabarmena izango dute: Idoia Etxeberriaren errekor saiakera San Nikolas bezperan eta Urrezko aizkolarien kopako finala abenduaren 7an, beteranoen partiduak eta fronteniseko finalak.

Parte hartzea bultzatu nahi du Udalak festetan. Abenduaren 6an herri bazkaria egingo da kiroldegian, babarrun jana. Txartelak hartu behar dira, 10 eurotan.

Orioko Udalak eta Festa Batzordeak prest dute San Nikolas festen egitaraua. Beñat Solaberrieta alkateak publiko egin du egitaraua bando baten bidez. Festen antolaketan ondoan ondoan izan dituen eragileak  eta herritarrei eskerrak eman dizkie: Pello eta Nikolasa erraldoien konpartsa, Danbolin musika eskola, Salatxo abesbatza, Egunsenti otxotea, Harribil dantza taldea, adar-jotzaile taldea, txosna batzordea, guraso taldea, esperientzia eskola, Orioko futbol taldea, Orioko pilota elkartea, Talai Mendi dantza taldea, Errikotxia bertsozale elkartea, Orioko Herri Ikastola, Zaragueta herri eskola eta Zast saskibaloi taldea.

Egitarauaren xehetasunei helduta herrian sustraiturik dauden ekitaldiak dira egitarauaren oinarri. Mordoxka baitira urteroko ekitaldiak, beti egun eta ordu berean programatzen direnak: festen hasierako deiadarra, Pello eta Nikolasa erraldoien eta txistularien eguneroko buelta, Soka dantza, Dantza sueltoko txapelketa, San Nikolas gaueko bertso saioa eta 3×3 saskibaloi txapelketa hilaren zortzian, besteak beste. Jon Agirresarobe festa zinegotziak esan digunez, lehentasunez lantzen dituzte ekitaldi hauek: “herriko festari izaera ematen diote, ohitura bihutzen diren heinean. Duela lau urte abiatu genituen ekitaldi hauek eta horregatik mimoz zaintzen ditugu”. Aurten herri kalejira sartu duten festen atarian: Pello eta Nikolasa erraldoiek eta txistulariek, Danbolin musika eskolako bandak, Harribil dantza taldeak eta Salatxo abesbatzak herriko kaleak alaituko dituzte plazara iritsi eta festei hasiera eman aurretik. Urteroko ekitaldien artean ez da OA eskilaretako apustua gauzatuko. Batetik Ingurua txukuntzen ari direlako, bestetik hiru-lau urtez behin egitea aurreikusi delako.

Herri bazkaria hilaren 6an

Karela kiroldegian izango da,  San Nikolas egunean, ordubitan. 10 eurotan eskuratu daiteke txartela herriko zenbait tabernatan. Babarrun jana izango da, laguntzeko guztiekin. Eskandalue elektrotxarnaga izango dute lagun egun osoan zehar.  Baina kiroldegian bertan izango da sorpresarik. Xabi Linazasoro magoa, txiste kontalariak eta Etxabe-Urkizu bikoarekin herri kantak abestuko dituzte. Haur txokoa ere izango da.

Baina San Nikolas festek izango dute ekitaldi berririk. Berezienean Idoia Etxeberria herriko harrijasotzailea izango da protagonista. Festak hasi berritan 9 arroako harri kubikoa jasotzen saiatuko da. Errekor saiakera, beraz, 112,5 kiloko harriarekin. Ez da, ordea, kirol proba bakarra izango: beteranoen futbol partidua, frontenis txapelketaren finalak eta Urrezko aizkolarien kopako finala jokatu dira San Nikolas festetan. Azken hau ETBko kamerek eskainiko dute.

Musika emanaldien barruan Zopilotes Txirriaos eta Ze Esatek taldeen kontzertuak nahiz herriko disko-jartzaileen saioak nabarmendu behar dira. Orioko Udalak 41.000 eta azpiegitura guztiak bideratu ditu San Nikolas festen antolaketara.

PROGRAMA

Abenduak 5, ostirala, SAN NIKOLAS BEZPERA
19:00 Herri kalejira
20:00 Festen hasierako deiadarra Danbolin, Salatxo, Harribil, adar-jotzaileak
20:30 Txahal pintxoak Herriko Plazan
20:30 Idoia Etxeberriaren errekor saiakera
23:00 Herriko disko-jartzaileak: Ander Carrera eta Carlos Rodriguez-Sierra, Iker Gurrutxaga eta Illarras

Abenduak 6, larunbata, SAN NIKOLAS EGUNA
06:00 Gaupaseroen argazkia Oako eskaileretan
10:00 Fruta festa haur eta gurasoentzat kultur etxean
10:30 Jubilatuen hamaiketakoa
11:00 Meza, Salatxok abestua
11:30 Taloak plazan, Esperientzia Eskolako ikasleen eskutik
12.00 Dantzari txikien txapelketa, Harribilek antolatuta

12:00 Salatxo abesbatza kalez kale
12:00 Txikiteoa Eskandalue elektrotxarangarekin
14:00 Herritarren bazkaria kiroldegian Bazkalosteko emanaldia: txisteak, magoa, dantza eta kanta, ume txokoa…
Menua: babarrunak azalore eta odolkiarekin, gazta eta intxaurrak. Kafea eta kopa.
16:30 Beteranoen futbol partidak Mendibeltzen: Orio, Usurbil eta Reala
18:00 Txikiteoa Eskandalue elektrotxarangarekin
18:00 Frontenis txapelketaren finalak
18:00 Pello eta Nikolasa erraldoiak eta txistulariak kalez kale
19:15 Soka-dantza plazan
21:00 San Nikolas party frontoian, Drivecar-en eskutik
22:30 Bertso saioa Karelan Andoni Egaña, Jon Maia, Uxue Alberdi, Unai Agirree eta Xabier Sukia. Gai jartzen: Unai Manterola
24:00 Zopilotes Txirriaus. Ondoren, Elizagoien ahizpak

Abenduak 7, igandea, SAN NIKOLAS BIGARRENA, UMEEN EGUNA
06:30 Baratxuri zopa
07:00 Diana
10:00 Mozorro prestaketa haur eta gurasoentzat eta murala marraztea kultur etxean
11:00 Gaztetxoek herriaren ardura hartuko dute udalbatzarrean
11:00 Atsolorra 2014. Ongietorria aurten jaiotako haurrei
12:00 Xiba lehiaketa plazan
12:00 Danbolin musika eskolako emanaldia: dantzarako musika
16:00 Xake txapelketa kultur etxean
17:00 Haurren mozorro kalejira kultur etxetik hasita: Pello eta Nikolasa, Talai Mendi txarangarekin. Ondoren, txokolate-jatea plazan
17:00 Urrezko aizkolarien kopa Rekondo, Erasun eta Atutxa-Mugertza arteko irabazlea Joseba Ostolaza, Aimar Galarraga eta Idoia Etxeberria arituko dira tarteetan (ETB1ek emango du)

24:00 Kontzertua Ze esatek! eta Ezten giro

Abenduak 8, astelehena, SAN NIKOLAS HIRUGARRENA
09:30 3X3 Saskibaloi lehiaketa gaztetxoentzat
11:00 Zaldiak egin eta apaintzeko tailerra haur eta gurasoentzat (parte-hartzaile bakoitzak galtzerdi bat eraman behar du)
12:45 Areatzako musika bandaren kontzertua plazan
13:00 Muskuilu-harri elkartearen argazki-lehiaketako sarien banaketa, kirol portuko elkartean
15:30 3X3 Saskibaloi lehiaketa helduentzat
16:30 Haur eta gurasoentzako jolasak plazan: zaldi ibilaldia
18:00 Pello eta Nikolasa erraldoiak eta txistulariak kalez kale