Batukada izango da larunbatean, Arkupe elkarteak antolatuta

Arkupe elkarteak ekitaldi-programa bat antolatu du aurtengo udan eta, horren barruan, Orioko Batukada taldekoek kalez kaleko emanaldia eskainiko dute larunbat honetan, uztailak 24, eguerdiko 12:00etan hasita.

Batukada taldekoak herriko kaleetan barrena ibiliko dira beren perkusio-tresnekin eta musika alaiarekin. Batukada taldea orain dela bizpahiru urte sortu zen eta herriko hamabost bat gaztek osatzen dute gaur egun.

Arkupek antolatuta

Arkupe, Orioko merkatari, ostalari eta profesionalen elkarteak antolatutako emanaldia da. Arkupek larunbatero antolatuko du doaneko ekitaldiren bat uztailean eta abuztuan.