Iñaki Arregi beka sortu berri du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), Eusko Jaurlaritzak babestuta. Bi lan sarituko ditu, bakoitza 5.000 eurorekin.
Udalerri euskaldunak garatzea da euskararen arnasguneei sendo eusteko modu eraginkorrena. Ondorio horretara heldu ziren iaz UEMA, Kontseilua, Udako Euskal Unibertsitatea eta Gaindegia. Orain udalerri euskaldunak garatzeko adibide praktikoak aztertu eta abiarazi nahi dituzte agintaldi berrian. Horretarako sortu du UEMAk Iñaki Arregiren omenezko beka.
5.000 euroko bi lan sarituko dira
Udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak eta bideragarriak bildu nahi ditu Iñaki Arregi Bekaren lehen deialdiak. UEMAk sortu du beka, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren babesarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kontseiluarekin eta UEUrekin elkarlanean.
Lehen deialdi honetan, 5.000 euroko bi lan sarituko dira. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea uztailaren 24an amaituko da, eta epaimahaiak irailaren 20an jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izango diren. Egun horretatik aurrera, saridunek bederatzi hilabeteko epea izango dute ikerlanak aurkezteko. Amaitzean, gutxienez 75 eta gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek.
Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute.
Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak, eta UEMAk antolatutako jardunaldietan ezagutaraziko dira lan saridunen edukiak.
Iñaki Arregi, UEMAren arima
Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) izan zen UEMAren koordinatzailea, hil zen arte. Ederki zekien UEMAren nondik norakoak eta helburuak gainontzekoei helarazten, eta UEMAren arima izan zen, sorreratik.
Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea.