Beka baten deialdia egin du Udalak, Orioko baserrien fitxategia egiteko

Udaleko Ekintza Ekonomikoetarako batzordeak Orioko baserrien egoera aztertu nahi du eta, horretarako, baserri guztien fitxa bana egin nahi du. Lan hori egiteko, 3.000 euroko beka bat emango du. Beka lortu ahal izateko, interesa daukatenek beren proposamena aurkeztu behar dute udal bulegoetan abenduaren 31 baino lehen.

Beka-deialdiaren oinarriak hauek dira:

1.- Bekaren helburua

Beka deialdiaren helburua hau da: Orioko baserri guztien fitxa bana egitea, bere izena, familiaren goitizena, argazkia, ezaugarri nagusiak, historia laburra, eta abar jasoko dituena.

2.- Bekaren ezaugarriak

  • Egindako fitxekin artxibo bat osatuko da. Koloretan eta formatu digitalean aurkeztu beharko da lana; eta, emaitzaren arabera, herrian erakusketa bat antolatuko da egindako lana zabaltzeko.
  • Lana egiten den denboran bekaduna Ekintza Ekonomikoetako batzorde buruarekin harremanetan egongo da, lana nola bideratzen ari den jakinarazteko.
  • Ikerketa lana euskaraz egingo da osorik.
  • Ikerketa lanak originala izan beharko du.
  • Lana egiteko epea 4 hilabetekoa izango da: 2010eko otsailaren 1etik maiatzaren 30era.
  • Bekaren zenbatekoa 3.000 eurokoa izango da.

3.- Eskatzailearen baldintzak

Eskatzaileek erdi edo goi mailako unibertsitate tituludunak izan beharko dute, eta, gainera, EGA titulua edo baliokideren bat izan.
Beka norbanakoek nahiz taldeek jaso ahal izango dute. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat lanaren arduradun gisa azalduko da.

4.- Eskabideak

Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek Orioko Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dute eskabidea, ondorengo agiri hauekin batera:

  • Curriculuma eta beharrezko egiaztagiriak.
  • Egin nahi den lanaren zer-nolakoak azalduko dituen txostena, besteak beste, ondorengoak azalduz:
  • Baserrien fitxen edukiaren proposamena.
  • Eskatzaileak lanerako erabiliko dituen baliabideak (informatikoak eta bestelakoak).

5.- Eskabideak aurkezteko epea

Eskabideak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea abenduaren 31n bukatuko da.

6.- Beka emateko prozedura

Orioko Ekintza Ekonomikoetako batzordeak erabakiko du beka nori eman, eskabide guztiak aztertu ondoren.

Batzordeak iritzia eskatu ahal izango die beste aditu batzuei, beharrezkotzat jotzen badu.
Batzordeak honako alderdi hauek hartuko ditu irizpide nagusitzat aukeraketa egiterakoan:

  • Baserrien fitxen edukien egokitasuna, interesa eta bideragarritasuna (0-30 puntu).
  • Oriotarra izatea edo Oriorekin lotura zuzenen bat izatea (10 puntu).
  • Elkarrizketa pertsonala ( 0 ? 10 puntu).
    Batzordearen iritziz inork gutxieneko maila erakutsiko ez balu, beka hau eman gabe utziko litzateke.

7.- Bekadunaren betebeharrak

Bekaren onarpena idatziz adierazi behar da, jakinarazpen egunetik hasi eta 10 eguneko epean.
Epea amaitutakoan, lanaren bi ale entregatuko dira, tarte bikoitzez mekanografiatuta eta koadernatuta. Horrez gain, formatu digitalean ere aurkeztu beharko da. Era berean, bildutako material guztiaren kopia entregatu beharko da (mini diskoak, argazkiak, bideoak…) betiere modu egoki eta txukunean sailkatuta, gerora begira kultur ondare gisa erabili ahal izateko.
Arau hauek betetzea nahitaezkoa da. Eta oinarri hauetan ezarritako betebeharrak ez betetzeak adjudikazioa berrikustea ekarriko du, eta, beharbada, emandako diru kopurua baliogabetzea, murriztea edo itzularaztea.

8.- Ordainketak

Ordainketa honela egingo da: %30 beka adjudikatutakoan, eta gainontzeko %70 bukaerako lana onartzean.

Egileak hala eskatu eta Ekintza Ekonomikoetako eta Enpleguko batzordeak ontzat emanez gero, lana burutzeko epea, gehienez ere, hiru hilabetez luza daiteke.

Lana epez kanpo edota behar den moduan aurkezten ez bada, beka baliorik gabe geratuko da eta bekadunak azken ordainketa ez jasotzeaz gain, aurretik jasotako dirua itzuli beharko dio Orioko Udalari.

Ikerlanak sor ditzakeen gastuak bekadunaren kontura izango dira. Hala ere, batzordeak erraztasunik handienak eskainiko dizkio bekadunari, bere esku egon daitezkeen gaietan.

9.- Lanaren jabetza

Egilea izango da lanaren jabe. Hala ere, Orioko Udalak izango du ikerketaren argitalpen osoa edo zatikakoa egiteko lehen eskubidea (paperean, interneten, emanaldietan?), eta kasu honetan, bekadunak uko egingo dio eskubideak jasotzeari.
Material guztia Udalaren esku geratuko da.

10.- Dokumentazioa itzultzea

Hautagaiek eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa jaso ahal izango dute, lehiaketaren inguruko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epearen barruan. Hori horrelaxe burutuko da lehiaketaren onuradunen kasuan izan ezik, dokumentazio hori espedientearen zatitzat hartuko da-eta. Epe hori igaro ostean, jaso ez diren agiriak Orioko Udalaren esku geratuko dira.

11.- Interpretazioa

Oinarri hauen interpretazio edo garapenean sor daitezkeen zalantzak Orioko Udaleko Ekintza Ekonomikoetako Batzordeak erabakiko ditu.