BENITO LERTXUNDIREN KONTZERTUA

Orioko Herri Ikastolak honako eskutitz hau bidali digu Benito Lertxundiren kontzertua dela eta:

Joan den larunbateko Benito Lertxundiren kantaldi arrakastatsuaren ondoren, bi hitz idaztea otu zaigu.

Hasiera-hasieratik giro goxoa sumatzen zen. Kontzertua hasi eta berehala berotu ziren motorrak. Zenbait doinu instrumentalen ostean, Benitok ikastolaren aldeko hitz gogoangarriak eskaini zizkigun eta eraikin berriaren/ikastolaren alde lanean dihardugunok bat egiten dugu hitzokin: ?Euskal Herriak bere historian izan duen herri ekimenik garrantzitsuenetakoak dira Ikastolak. Herri batek bere hezkuntza sistema propioa izatea nahitaezkoa da aurrera egin eta bere nortasun ezaugarriak mantendu ahal izateko. Eta hori da ikastolek egin dutena. Askotan haize asko kontra izan badituzte ere, nahiz auzolanean edo estraperloan batzuetan, herriak elkarrekin sortutako erakunde eta eraikinak dira. Euskal Herriak Ikastolen ispiluan begiratu beharko luke eta hezkuntzatik at dauden arazoei aurre eginez herria eraiki?.

Kontzertuaren bigarren zatian ikastolatik sortutako Olaxka taldearen parte hartze berezia izan genuen. Hasteko, Orioko Herri Ikastolako neska-mutilek ereserkia bihurtu zaigun kantua eskaini ziguten; Brendam Graham-en musika eta Olatz Zugastiren letrak dituen ?Bizirik gaudelako? abesti ederra, hain zuzen ere. Ondoren, Benitoren talde osoarekin batera, ?Mirotzak? eta ?Balearen bertsoekin? bukatu zen gaztetxo hauen parte hartzea.

Kontzertuaren azken zatirako Benitoren betiko errepertoriokoak ditugun ?Baldorba?, ?Nere herriko neskatxa maite?, ?Udazken koloretan? eta abar geratu ziren. Baina kontzertuari benetako amaiera ?Zenbat gera?? kantuak eman zion. Benitok abesti honekin ikastolaren alde gauden oriotar guztioi zuzendutako metafora ederra eginez amaitu zuen; izan ere, gu bizirik gaude, gu ezer egin gabe ez gara geratuko, herri honi eta Euskal Herriari, oro har, proiektu berriak aurkeztuko dizkiogu, beti bezain aitzindari eta ekintzaile izaten jarraituz (izanez).

Aipatzeko besterik geratzen bazaigu, azken-azkenean gertatutakoa dugu horixe; Benitok oholtza utzi aurretik inoiz ez bezalako amaiera eman zigun, muxuka agurtu baitzen.
Bestalde, hitz hauen bitartez larunbateko kontzertuaren nondik norakoen berri emateaz gain, ikastola osatzen dugun ikasle, irakasle, langile eta guraso guztion partetik eskerrak eman nahi dizkiegu Benitori eta Olatzi, bereziki, eta baita herriari, udalari eta bertako langileei eta lan hau borobiltzen lagundu duten guzti-guztiei ere.

Amaitu aurretik esan behar dugu honek guztiak aurrera egiteko indarra ematen digula eta, irailetik aurrera ere, horretan jarraituko dugula; hau da, ?Bizirik gaudelako? kantuaren letrak dioen bezala, urteetan gure herrian piztuta izan den suak aurrerantzean ere horrelaxe iraun dezan ahaleginduko garela, behin eta berriz.

ORIOKO HERRI IKASTOLA