Bernhard Marx organo-jotzailearen kontzertua izango da ostiralean

Datorren ostiralean, urriak 9, organo-kontzertua izango da Bariko San Nikolas elizan, parrokiak eta Udalak elkarlanean antolatuta. Kontzertua 20:00etan hasiko da. Organoa jotzen Bernhard Marx arituko da eta Telemann, Bach eta Franck-en piezak joko ditu, besteak beste.

Elizako organo berria egin zenetik urtero antolatzen ditu parrokiak horrelako kontzertuak, Udalaren  laguntzarekin, eta aurten ere hiru kontzertu izango dira urrian, azaroan eta abenduan. Oraingo hau, beraz, zikloko lehenbizikoa izango da.

Bernhard Marx organo-jotzailea

Alemaniarra da jatorriz Bernhard Marx organo-jotzailea. Saarland eskualdeko St. Wendel hirian hasi zituen musika-ikasketak, eta gero Parisen jarraitu organokoak Marie-Claire Alain irakasle ospetsuarekin; Ludwig Doerr eta Gaston Litaize-rekin ere ikasi du. Saarbrücken, Friburgo eta Paris-Sorbonako unibertsitateetan egin zuen musikologiako prestakuntza eta, horrez gain, hobekuntza-ikastaroak egin ditu, besteak beste, Anton Heiller eta Luigi Ferdinando Tagliavini irakasleekin.

Ibilbide akademiko bikaina izan du eta ezin konta ahala sari eta aipamen jaso ditu.

Brisgoviako Friburgo hiriko Johanneskirche-ko organo-jotzaile titularra izan da, eta izen handiko Metzler organoetan jotzeko aukera izan du. Metzler organoek 3 esku-teklatu dituzte, eta 50 erregistro; 1981ean eraiki ziren organo horiek bere gidaritzapean. Organo-irakasle ere izan da Friburgoko Pedagogia Akademian.

1987an Elizbarrutiko Organoen Ikuskari izendatu zuen Friburgoko artzapezpikuak.

Oihan Beltzeko San Blasien antzinako Abadian ospatzen diren Musika Sakrorako Nazioarteko Jaietako zuzendari artistikoa da 1997z geroztik. Bestalde, San Blasieneko Nazioarteko Organo Lehiaketetako sortzaileetakoa da eta, hori dela eta, sarritan deitzen diote organorako nazioarteko lehiaketetan epaimahaiko izateko.

CD ugari grabatu ditu eta nonahi eman ditu organo-kontzertuak: Alemania, Erresuma Batua, Herbehereak, Belgika, Frantzia, Espainia, Portugal, Italia, Suitza, Austria, Polonia, Estatu Batuak, Kanada, Brasil, Uruguay, Argentina, Mexiko eta Japonian.

Kritikarien iritziz, hauek dira Bernhard Marx-en ezaugarri azpimarragarrienak: birtuosismoa, musikologiako ikerketan oinarritzen den leialtasuna eta erregistro adierazkorra.

KONTZERTUKO PROGRAMA

Kontzertuan honako pieza hauek joko ditu Bernhard Marxek:

  • Danseries de la Renaissance (Anonimoa)
  • Tronpeta eta Orkestrarako kontzertua Re Maiorrean (G. Ph. Telemann)
  • Adagio – Allegro –Grave – Allegro —Ludwig Dorr-ek organorako moldatua— (G. Ph. Telemann)
  • Preludioa eta Fuga Do Maiorrean, BWV 547 (J. S. Bach)
  • An Wasserflüssen Babylon (Babiloniako erreken ondoan), bi teklatu eta pedalerako. BWV 653 (J. S. Bach)
  • Hirugarren Korala La minorrean (César Franck)
  • Organo Handirako Lehen Sinfoniako Finala eta Allegroa (Louis Vierne)
  • Hornpipe Humoresque (Noel Rawsthorne)