Orioko Herri Ikastolak bertso eskola antolatu du LH-3tik DBH-4ra bitarteko haurrentzat. Ekimenak Orioko Udalaren babesa du, eta herriko haur guztientzat izango da zabalik, ikastolakoak izan nahiz beste ikastetxeren batekoak izan.
Eskolaz kanpoko aktibitate bat denez, eskolak arratsaldez izango dira. Astean saio bakarra izango da, eta hasierako bileran adostuko dira saioen eguna eta ordua. Irakaslea Ibai Esoain oriotarra izango da, eta klaseak ikastolako gela batean emango dira.
Bertso zaletasuna suspertzeko
Ikastolak eta Udalak ekimen honekin lortu nahi dutena hau da: herriko haur eta gazteen artean bertso zaletasuna suspertzea. Ahozko zein idatzizko bertsolaritza landuko da. Bertsoen bitartez, komunikaziorako gaitasuna garatuko dute ikasleek; hizkuntzarekin jolas egiten ikasiko dute eta oso baliagarria izango zaie euskararen senaz jabetzeko, lagun arteko giroan.
Izena Ikastolako idazkaritzan eman behar da urriaren 11 baino lehen.
Informazio gehiago: Ibai Esoain (637 807 087)