Bi tailer izango dira: bata azaroaren 21ean, astelehenarekin, eta bestea 24an, ostegunarekin. Bakoitzak ordu eta erdi iraungo du. Azalpenak ematen Xabier Sukia bertsolari oriotarra arituko da.
Tailerraren helburua euskara-ikasleak bertsoaren mundura hurreratzea da, zer den jakin dezaten eta hobeto ulertzeko klabe batzuk ikas ditzaten. Euskara-ikasleek, sarritan, zailtasunak izaten dituzte euskal kulturara iristeko, ondo ulertzen ez dutelako. Bertsoekin nabarmena da hori, hizkuntza bera delako bertsoaren muina eta hortxe dutelako ikasleek zailtasunik gehien. Arazo horri aurre egiteko antolatu du Orioko AEK-k bertsogintza tailerra, beren ikasleek bertsoaren mundua ezagutu dezaten.
AEK-k kalera aterako ditu ikasleak aldian behin
Saio parte hartzailea izango da eta, horren bidez, ikasleen euskal kulturarekiko interesa indartu nahi du AEK-k. Tailerraren asmoa da, bertan ikasiko dutenari esker, ikasleek errazago ulertzea bertsogintza zer den eta interesa piztea Orion antolatzen diren bertso-saioetara joateko, bertsoarekin gozatzera.
Orioko AEK-k ahalegin berezia egin nahi du aurten euskaltegiaren eta herriaren arteko harremana lantzeko eta elkarren ezagutza sustatzeko.
Horretarako, aldian behin, ikasgelatik aterako dira ikasleak, hau bezalako saioak egiteko eta Oriok eskaintzen dituen kultur aukerak aprobetxatzeko.