Bi eskoletako haurrek emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko mezuak banatuko dituzte denda eta tabernetan

Martxoaren 8ko Emakumearen Eguna dela-eta, Urola Kosta eskualdeko ikastetxeek eta udalek, elkarrekin, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko mezua zabaldu nahi dugu.

Ekimen horren barruan, Orioko bi ikastetxeetako haurrek DINA4 tamainako kartelak egingo dituzte berdintasunaren aldeko mezuekin eta, ondoren, herriko denda eta tabernetan banatuko dituzte martxoaren 1etik 8ra bitartean. Horrela, gure dendari eta tabernariek ere aukera izango dute, hala nahi badute, ekimenean parte hartzeko, mezu horiek jendearen bistan jarriz.

Jende-katea martxoaren 8an

Horrez gain, martxoaren 8an bertan, jende-kate bat egingo dugu bi eskoletako ikasle eta irakasleekin Eusko Gudari eta Arrantzale kaleetan barrena, ‘Gu ere bai, martxoak 8’ lelopean. Xaltxerak eta Errikotxia elkarteek ere parte hartuko dute jende-katearen osteko ekitaldian.

Prentsaurrekoa martxoaren 3an

Aurtengo ekimen bateratu honen aurkezpena egiteko, prentsaurrekoa emango dute Udalak, ikastetxeek eta parte hartzen duten elkarteek datorren ostiralean, martxoak 3, 12.00etan, udaletxeko udalbatzarraren aretoan.