Bi eskoletako haurrek emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko mezuak banatuko dituzte denda eta tabernetan

Martxoaren 8ko Emakumearen Eguna dela-eta, Urola Kosta eskualdeko ikastetxeek eta udalek, elkarrekin, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko mezua zabalduko dute.

Ekimen horren barruan, Orioko bi ikastetxeetako haurrek DINA4 tamainako kartelak egingo dituzte berdintasunaren aldeko mezuekin eta, ondoren, herriko denda eta tabernetan banatuko dituzte martxoaren 1etik 8ra bitartean. Horrela, gure dendari eta tabernariek ere aukera izango dute, hala nahi badute, ekimenean parte hartzeko, mezu horiek jendearen bistan jarriz.

Jende-katea martxoaren 8an

Horrez gain, martxoaren 8an bertan, jende-kate bat egingo dute bi eskoletako ikasle eta irakasleek Herriko Plazaraino eta han ekitaldi txiki bat egingo dute gero, 10:00etan hasita. Udalak eta Xaltxerak elkarteak ere parte hartuko dute plazako ekitaldian.

Prentsaurrekoa martxoaren 2an

Aurtengo ekimen bateratuaren aurkezpena egiteko, prentsaurrekoa emango dute Udalak eta ikastetxeek datorren ostiralean, martxoak 2, 12:00etan, udaletxeko udalbatzarraren aretoan.