Bide-heziketa erakutsiko die Mikal Etxeberria udaltzainak bi eskoletako haurrei

Mikal Etxeberria udaltzainak proposamena egin zion Udalari, Orioko bi ikastetxeetan bide-heziketari buruzko ikastaro bat emateko.

Udalak ontzat eman du proposamena eta, hartara, urriaren 10ean hasiko da ikastaroa. Hilabete osoan LH3tik LH6ra bitarteko gela guztietan emango du Mikalek ikastaroa, Udalak liberatu egingo du-eta lan horretarako. Mikalek azaroaren 8an bukatuko du lan hori.

Ikastaro laburra, gelaz gela

Gela bakoitzean ordubeteko hiru saio egingo ditu: bi, gelaren barruan, teoriko-praktikoak; eta bestea, kalean, ikasitakoa praktikan jartzeko. Guztira, Zaragueta eskolako eta ikastolako 312 haurrek jasoko dute bide-heziketari buruzko ikastaroa.

Proiektu honen bidez, Udalak ezagutza eta kontzientzia sortu nahi du haurrengan, trafikoarekin zerikusia duten istripuak prebenitzeko eta mugikortasun segurua bultzatzeko.

Egitasmoa identifikatzeko logoa

Udalak aginduta, Julian Toquero diseinatzaileak logo bat prestatu du, egitasmoa identifikatzeko. Udalak aurrez erabili izan dituen hainbat irudiren tankerakoa da eta arrain udaltzain bat erakusten du, bide emateko seinalearen aurrean.