Udalak bilera egingo du herriko kultur elkarteekin eta euskara-alorreko eragileekin datorren asteartean, azaroak 9, Salatxo aretoan, 18:30ean. Udalak Orioko euskara-plana egin nahi du datozen 10 urteetarako, eta gogoeta-prozesu bat abiatu du plan horren edukia lantzeko herritarrekin batera. Horretarako, lau lantalde osatu ditu, estrategikoak iruditzen zaizkion alor hauetan: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Asteartekoa izango da sentsibilizazio eta ahalduntze lantaldearen lehenbiziko bilera.
Udalak zuzenean gonbidatu ditu lantaldera herriko euskara- eta kultura-alorreko eragileak eta Euskaraldia antolatzen ibili ziren herritarrak, baina bilera irekiak izango dira, eta gaiarekin interesa duen edozeinek parte hartu dezake. Sentsibilizazio eta ahalduntze lantaldeak hiru bilera egingo ditu, azaroan hasi eta urtarrilean bukatuko den prozesuaren barruan:
Lehen bilera: Egoeraren diagnostiko konpartitua egiteko: ahulguneak eta indarguneak.
Bigarren bilera: Diagnostikoa azaldu, 10 urterako helburuak finkatu eta helburu horiek lortzeko ekintzak proposatzeko.
Hirugarren bilera: Lantaldeak egindako lanaren emaitza aurkeztu, findu eta osatzeko.