Bisiguaren festa izango da aurten ere, uztailaren 18tik 21era

Orioko Udalak uztailaren 18tik 21era bitartean egingo den Bisiguaren Festako seigarren edizioa aurkeztu zuen asteartean Donostiako Ontzi Museoan. Aurkezpen ekitaldian Beñat Solaberrieta Orioko alkatea, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria, Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko lehendakaria eta herriko hiru parrillero izan ziren.

Orioko plaza jatetxe dotorea bihurtuko da uztailaren 18tik 21era. Beñat Solaberrieta  alkateak aurkeztu zuen jaialdi gastronomikoa. Aurten, gainera, saiakera berezia egingo dutela iragarri zuen: “Aurreko sei edizioetan gastronomia eta ostalaritza mailako helburuak nota onarekin bete ditugu. Seigarren edizioan, ordea, arrantza tradizioa eta arrantza ondarea herritarrei transmititzen saiatuko gara. Orio herri arrantzalea izan da, arrantza eta gastronomia izan dira gure herriaren motore, eta tradizio hori transmititzeak berebiziko garrantzia du”.

Helburu horrekin antolatu dituzte, besteak beste, Oria ibaiko ontzigintza tradizioa izeneko hitzaldia; Arrantza ondarea eta Arrantza Azokak mahai-ingurua; heriotzarik gabeko arrantza lehiaketa edota haurrentzako arrantza tailerrak.

Berrikuntzak berrikuntza, Bisiguaren Festaren oinarria otorduak izango dira. Zentzu horretan, Beñat Solabarrieta alkateak azpimarratu zuen jaialdiak “oriotarrei eta gure herrira gerturatzen diren guztiei bisigua prezio erakargarrian jateko aukera ematen” jarraituko duela. Hori bai, jaialdia hasi zenetik lehen aldiz prezioa igo dutela aurreratu zuen: “45 €tik 50€ra”.

Beñatek azaldu zuenez, “Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailean aurrekontuak murriztu dira, eta ondorioz Arrantza Azoketara bideratzen den diru kopurua gutxitu da. Banaketa horretan, Bisiguaren Festara bideratzen zen diru-laguntza murriztu beharrean egokitu dira EJko agintariak. Eta ondorioz, jaialdi gastronomikoaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko hartu behar izan dugun neurria da. Edozein kasutan, kalitate-prezio oreka mantentzen jarraitzen dugu”.

Lau egunetan, bostehun bisigu

Aurreko edizio guztietan bezala, Joxe Miel Zendoia –Katxina jatetxea–, Luis Mari Uranga –Xixario jatetxea– eta Mikel Manterola –Joxe Mari Erretegia– parrilleroek erreko dituzte bisiguak. Horretarako, Orioko plazan parrilla erraldoia jarriko dute, eta bertan, jendaurrean, herriko dituzte bisiguak. Galtza bete lan izango dute, lau egunetan bostehun bisigu erre beharko baitituzte.

Txartelak salgai

Lau egunetan bost otordu izango dira –ostegunean eta ostiralean, afaria; larunbatean, afaria eta bazkaria; eta igandean, bazkaria–. Mila lagunentzako txartelak jarri dituzte salgai, eta dagoeneko eros daitezke. Erreserbak 943 83 09 04 edo 665 311 433 telefono zenbakietan egin behar dira, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte. Salneurria 50 eurokoa da.

Menua aurreko urteetako bera izango da eta bost platerek osatuko dute: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrilan eta postrea. Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira.

EGITARAUA

Uztailak 15, astelehena

19:00. Xabier Alberdiren hitzaldia Salatxo aretoan: “Oria ibaiko ontzigintza tradizioa”.

Uztailak 17, asteazkena

19:00. Mahai-ingurua: Arrantza ondarea eta Arrantza Azokak. Hizlariak: Leandro Azkue, Arrantza Saileko zuzendaria, Begoña Gangoiti Bermeoko Udaleko Turismo teknikaria eta Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarra.

Uztailak 18, osteguna

21:00. Aurkezpen ekitaldia. Harribil dantza taldea eta Egunsentia Otxotea bertan direla. Parrilleroek Bisigu Festa 2013 inauguratuko dute.

Jarraian, Pintxo-txikiteroaren aurkezpena. Taberna bakoitzak bere pintxo proposamena aurkeztuko du. Jaiak irauten duen bitartean, ostegunetik igandera, pintxoak dastatzeko aukera izango da zirkuituan parte hartu duten tabernetan.

Ordu berean, sagardoa dastatzeko aukera izango da.

21:00. Afaria.

Uztailak 19, ostirala

19:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.

21:00. Afaria.

Uztailak 20, larunbata

11:00 Arrain lehiaketa. Zenbat arrain mota ezagutzen dituzu?

11:00. Arrantza tailerrak haurrentzako, eskulanak egingo dituzte.

11:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.

12:00 Mini autoen erakustaldia Ikastola ondoko plazan.

12:00 Marmitako-jana. 1.200 marmitako plater banatuko dira.

12:00. Bisiguaren VI Bandera, TKE1 Ligarako puntuagarria.

14:00. Otordua.

18:00. Julio Aranburu Xapateroren soka saltoko errekor ahalegina.

19:00. Bisigu Lehiaketa. Orioko elkarte gastronomikoetako ordezkariak lehiatuko dira.

19:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.

21:00. Otordua.

Uztailak 21, igandea

12:00. Sagardoa dastatzea Orioko plazan.

12:00. Orio Kanpina Bandera, TKE ligarako puntuagarria.

Hegaluzea dastatzeko aukera izango da.

14:00. Otordua.

Oharra: Ekitaldi guztiak Orioko plazan egingo dira, minien erakustaldia izan ezik.