Bisiguaren Festarako txartelak uztailaren 1ean jarriko dira salgai oriotarrentzat

Bisiguaren Festaren 12. edizioa egingo da aurten, uztailaren 12, 13 eta 14an. Aurreko urteetan ez bezala, aurten hiru eguneko festa izango da: ostirala, larunbata eta igandea. Osteguneko afaria, beraz, ez da egingo aurten.

Ohitura den bezala, Herriko Plazan egingo dira festaren oinarri diren lau otorduak.

Txartelen salmenta

Urtero bezala, Orioko Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu Bisiguaren Festan parte hartzera, bai otorduetan eta bai bestelako ekitaldietan. Otorduetarako erreserbak egiteko epea uztailaren 1ean zabalduko da eta, egun horretan, oriotarrek bakarrik izango duzue txartelak erosteko aukera.

Erreserbak 943 83 55 65 telefono zenbakian egin behar dira, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte. Telefono hori turismo bulegokoa da eta kontuan izan behar da igande arratsaldean bulegoa itxita egoten dela.

Otordua 55 eurotan

Orioko plazako jatetxe dotorean bisigua prezio erakargarrian dastatzeko aukera izango da. Aurten Divinus Catering enpresa izango da jatorduen antolatzailea eta menuan parte izango dute Oriomar arraindegiak, Errastik, Atxegak, Ziprik, Katxiñak eta Sayalerok.

Txartelen prezioa 55 €koa da, eta menua honako hau izango da:

  • Nafarroako zainzuriak
  • Tomate eta hegaluze entsalada
  • Bakailao kokotxak saltsa berdean
  • Bisigua parrilan Orio estilora
  • Postrea

Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira.

Bisigua erretzen, orain arteko edizioetan bezala, Joxe Miel Zendoia (Katxina), Luis Mari Uranga (Xixario) eta Mikel Manterola (Joxe Mari) izango dira.