Bosgarren edukiontzia erabiltzeko ikastaroa izango da abenduaren 14an

Hondakin organikoak bereizten hasi nahi duten herritarrek aukera daukate Urola Kostako Udal Elkarteak eta Orioko Udalak antolatu duten ikastaro laburrean parte hartzeko.

Ordu erdiko ikastarotxoa izango da. Orioko kultur etxean emango da abenduaren 14an, asteazkenarekin, honako orduetan: 17:00, 17:30, 18:00, 18:30, 19:00 eta 19:30 (azken hau gaztelaniaz izango da).

Ez da aldez aurretik izena eman behar. Nahikoa da egun horretan kultur etxera agertzea esandako ordu horietakoren batean.

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Foru Aldundiak hondakin organikoak gaika biltzeko ekimena jarri zuten abian 2008an Zarautz eta Zumaian, esperientzia pilotu gisa. Ekimen horretan 1.114 etxebizitzek hartu zuten parte.

Iazko ekainean hondakin organikoak biltzeko zerbitzua Udal Elkarteko 5 herrietan jarri zuten martxan Udal Elkarteak eta udalek.

EDUKIONTZI KOPURUA ETA ZERBITZUA

Guztira 128 edukiontzi jarri dira eskualdean: Aian 7, Getarian 8, Orion 13, Zarautzen 69 eta Zumaian 31.

ZER UTZI ETA NOLA

Landare jatorriko (fruta, barazki, pasta, arroz…) zein animalia jatorriko (haragi, arrain, hezur, arrautzak, gazta…) hondakinak.

Hondakin organikoak (kozinatuak nahiz gordinak) EDUKIONTZI MARROIAN utzi behar dira, poltsa biodegradagarri batean sartuta.

Etxean sortzen ditugun hondakinen %43 organikoa da, konposta egiteko erabil daitekeena. Beraz, garrantzitsua da hondakin horiek bereiz biltzea.

IZENA EMAN ETA PARTE HARTU

Bosgarren edukiontzia erabiltzeko tailer edo ikastaro labur bat egin behar da.

Ikastaroan parte-hartzaile bakoitzari honakoak emango dizkiogu: 5. edukiontzia erabiltzeko argibideak, edukiontzi txikia, poltsa biodegradagarriak eta kaleko edukiontziaren giltza.

ALDUNDIAREN LAGUNTZA

Bosgarren edukiontziaren zerbitzuan banatuko den materiala (edukiontziak, giltzak eta poltsak…) Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du.