Konpostaren planaren 3. fasea hastera doa. Eskualdeko 2.024 familiari gonbidapena egingo zaie etxean konpostagailua jarri eta hondakin organikoak etxean kudeatzeko.
Interesa duten herritarrek izena eman eta ikastaro labur bat egin behar dute (ordubetekoa).
Orion bi ikastaro egingo dira: ekainaren 18an bat, eta uztailaren 3an bestea. Biak 19:00etan, ikastolan.
Ikastaroetan izena emateko eta argibideak jasotzeko:
Tel. 943554874
konposta@urolakosta.org
Prentsaurrekoa
Ekainaren 11n Urola Kostako Udal Elkarteak prentsaurrekoa eskaini zuen Zarauzko egoitzan, ETXEAN ETA AUZOAN KONPOSTA EGITEKO PLANAren barruan azarotik gaur arte egin diren lanen eta hurrengo urratsen berri emateko.
Prentsaurrekoan parte hartu zuten Udal Elkarteko lehendakariak eta Udal Elkarteko udaletako ordezkariek (Beñat Solaberrieta Orioko alkateak, Gorka Bordagarai Getariako zinegotziak, Aitor Leitza Zumaiako zinegotziak eta Amaia Guruzeta Udal Elkarteko lehendakariak).
Konposta etxean Urola Kostan 2012ra arte
Nork bere etxean hondakin organikoekin konposta egitea da hondakin organikoak tratatzeko modurik eraginkorrenetako bat, hondakina sortzen den lekuan bertan tratatu, konposta bihurtu eta berrerabili egiten baita. Horrek abantaila nabarmenak dakartza: hondakinak jaso, garraiatu eta tratatzeko lan eta kostuak nabarmen gutxitzen dira eta hondakina sortzen den lekuan bertan berrerabiltzen da.
Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “etxean konposta egiteko” ekimena jarri zuten martxan 2005ean. Geroztik, urtero, hainbat ikastaro egin dira eskualdean eta 2012ko irailean eskualdeko 432 familiak zuten konpostagailua jarrita beren etxean.
Etxean eta auzoan konposta egiteko plana
Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek indartu eta areagotu egin nahi dute eskualdean etxean eta auzoan konposta egitea eta horretarako jarri zuten martxan joan den azaroan etxean eta auzoan konposta egiteko plana. Ekimen hori burutzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du Udal Elkarteak.
Hiru urrats nagusi ditu plan horrek:
1. Etxean konpostagailua jarria duten familiei bisita eta jarraipena
2. Auzoan konposta egiteko eremuak eraiki eta martxan jartzea
3. Etxean konpostagailua jartzea horretarako aukera duten familia guztiek
Lehen bi urratsak eman dituzte eskualdeko udalek dagoeneko, eta orain hirugarrenarekin hastera doaz.
1. ETXEAN KONPOSTAGAILUA JARRIA DUTEN FAMILIEI BISITA ETA JARRAIPENA
Bisita horiek egin dira 2012ko azarotik 2013ko apirila bitartean. Bisita horietan datuak jaso dira eta familiei laguntza eman zaie (zalantzak argitu, aholkuak eman…). Horrekin batera, konpostagailuen erabilpena egokia den ala ez baloratu da.
Hona hemen egindako bisitak eta jarraipenaren emaitzak:
- 2005etik 2012ko irailera 432 familiak eskatu zuten konpostagailua etxean jartzeko. Familia guztiei gutuna bidali eta telefonoz deitu diegu bisita egiteko.
- Batzuekin ezin izan da bisita egunik jarri, beste batzuk ez dute erantzun. Batzuk baja eman dute eta beste batzuk aitortu ez dutela konpostagailua muntatu.
- Guztira 262 bisita egin dira.
- 262 bisita egin dira: horietatik %27,10ek oso ondo erabiltzen du konpostagailua eta %54,58k berriz ondo (bien artean %81,68).
- 262 konpostagailu horietatik %93,89 aktiboak dira, hau da, erregularki erabiltzen dira.
- Emaitza positiboa: bisitatutako familia gehienek (%81,68k) ondo erabiltzen du konpostagailua eta konpostagailuen %93,89 erregularki erabiltzen da.
- Zuzentzeko alderdiak: 2005etik 2012ra etxean konpostagailua jarri duten familiei ez zaie, hasierako ikastaro laburraz gain, jarraipenik egin. Horren ondorioz, asko dira erabili ez dutenak, muntatu ez dutenak edo baja eman dutenak. Beraz, beharrezko jotzen dugu erabiltzaileei banan-banan laguntza eta aholkularitza emango dien zerbitzua eskaintzea.
2. AUZO KONPOSTAGAILUAK ERAIKI ETA MARTXAN JARRI
Udal Elkarteak auzoan konposta egiteko 3 gune prestatu eta jarri ditu martxan:
- Getaria: Sahatsaga kalean
- Orio: Anibarko Portua
- Zumaia: Alaia auzategian (Marianton parkean)
Herri bakoitzean, gunearen inguruko bizilagunei gutunak bidali zitzaizkien martxoa eta apirilean, konposta egiteko auzo eremuan parte hartzeko. Interesa zuten herritarrek prestakuntza-saio bat egin zuten. Saio horietan konpostagailuak nola erabili erakutsi eta konpostatzeko gida eskuratu zuten.
Guztira 23 pertsonek parte hartu dute prestakuntza-saioetan eta dagoeneko hasi dira konposta egiteko auzo eremuak erabiltzen.
Gune horiek udalek hautatu dituzte eta Udal Elkarteak prestatu ditu eremuak, egurrez hesituta.
Auzoan konposta egiteko eremu bakoitzean 6-9 familiak har dezakete parte. Eremu bakoitzean 2 konpostagailu handi daude jarrita, 700 litrotakoak.
Teknikari espezializatu batek hilero jarraipena egiten dio auzoan konposta egiteko eremuari.
3. ETXEAN EDO BIZILAGUNEN KOMUNITATEAN KONPOSTAGAILUA JARTZEKO KANPAINA
Oraintxe hastera doan planaren hirugarren fasearen helburua da etxean konpostagailua jartzea horretarako baldintzak betetzen dituzten ahalik eta familia gehienetan (baratza, berdegune edo lorategi txiki bat izan behar da).
Zenbat etxebizitzetan egin dezakete konposta?
Horretarako, Udal Elkarteak bost herrien azterketa zehatz eta sakona egin du, potentzialtasuna neurtzeko. Azterketa horretan, bost udalerrien kartografia digitaleko datuak aztertu dira, partzela eta etxebizitza-motak zehazteko.
Datu horien arabera, eskualdean 20.906 etxebizitza daude eta horietatik 2.024 etxebizitzek lorategi pribatua dute (305k berea eta 1.719 etxebizitzak lorategi komunitarioa).
Zein da, ordea, etxebizitza horien potentzialtasuna konposta egiteko?
Urola Kosta Udal Elkartean edukiontzien bitartez biltzen den hondakin kopurua urtean 19.192 tonakoa da. Egindako azterketen arabera, etxeko konpostajearen bitartez kudeatu daitezkeen hondar organikoen potentziala 468 tonakoa da (etxeko konpostajea eta bizilagunen artekoa kontuan hartuta). Beraz, sortzen dugun hondakin kopuru osoarekin alderatuz gero, konpostajearen bitartez prebenitu daitekeen hondakin kopurua %2,44koa da.
Etxean eta bizilagunen komunitatean konpostagailua jartzeko kanpaina
Ondorioz, ekainean deialdia egingo da Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian, banakako lorategia edo bizilagunen lorategia duten etxebizitzei konpostagailua jartzeko eskaintza egiteko.
Ikastaroak eta izen-ematea
Kanpaina horretan gutunak bidaliko dira, aipatutako baldintzak betetzen dituzten etxebizitzetara. Bertan, ikastaroak non eta noiz izango diren adieraziko da eta izena nola eman adieraziko da. Ikastaroaren iraupena ordubete ingurukoa da.
Orion bi ikastaro egingo dira: ekainaren 18an bat, eta uztailaren 3an bestea. Biak 19:00etan, ikastolan.
Ikastaroetan izena emateko eta argibideak jasotzeko:
Tel. 943554874
konposta@urolakosta.org