Dena prest dago larunbateko traineru-jaitsierarako

Otsailaren 19an aurkeztu zuten Arraunetxen Oriaren traineru-jaitsieraren aurtengo edizioa. Larunbatean jokatuko da, errioan, 16:00etan hasita. Aurtengoa 26. edizioa da.

Aurkezpenean parte hartu zuten: OAEko presidente Iosu Esnaolak, Orioko alkate Anuska Esnal Olidenek, Orioko Udaleko Kirol batzordeburu Jose Angel Iparragirrek eta Babyauto etxeko ordezkari Ibon Mazak. Larunbateko estropadarekin bukatuko da Arraunketa Elkartearen eta Babyautoren arteko lankidetza eta, hori dela eta, Iosu Esnaolak eskerrak eman zizkion Babyautoko ordezkariari, eta oroigarri bat oparitu, azken hamar urteotan Orioko arraunlariei emandako babesagatik.

Euskal Herri osoko eta kanpoko traineruak

Guztira 91 ontzik parte hartuko dute jaitsieran eta, osotara, 1.200 arraunlari inguru lehiatuko dira, toki askotatik etorriak: Ipar eta Hego Euskal Herriko herrietatik, Alacantetik, Galiziatik, Kataluniatik…

Probak indarra hartu du traineruen egutegian, aukera ona izaten delako neguan egindako lanaren lehen emaitzak ikusteko.

Bi ibilbide

Probarako bi ibilbide daude:

  • 4.000 metrokoa, Sariakolatik abiatzen dena, Mediterraneoko ontzientzat eta emakume, jubenil eta beteranoentzat
  • 6.000 metrokoa, Mapiletik (Aginaga) abiatzen dena, maila absolutuko traineruentzat.

Arraun-festa eta inauteriak, eguerditik hasita

Arraun Elkartea eta Udala elkarlanean aritu dira larunbateko ekitaldiak antolatzeko. Kontuan hartuta Inauteriko larunbata dela, egun osoko festa izango da. Eguerdian hasita, fanfarre bat ibiliko da kalez kale giroa jartzen eta, 13:00etatik aurrera, Arraun Elkarteko boluntarioek marmitakoa eta sagardoa banatuko dituzte Ibai Ondoko plazatxoan, errio ondoan.

Estropada, berriz, esanda bezala, 16:00etan hasiko da.

Ikusi hemen egun osoko programa:

inauteriakarrauna20