Dendarien artean euskararen erabilera sustatzeko kanpaina abiatu du Euskara Zerbitzuak

Euskara zure eskura du leloa kanpainak eta helburua, berriz, honakoa: herriko dendetan euskararen erabilera areagotzea.

Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuak urteak daramatza merkataritza alorrean euskararen erabilera bultzatzen eta aurten ahalegin berezia egingo du dendetako kartelak, prezio-zerrendak, oharrak eta abar euskaratzen.

Dendaz denda

Aurtengo kanpainaren barruan herriko pertsona bat ibiliko da dendaz denda, euskararen erabilerari buruzko datuak jasotzen eta Udalak euskara alorrean dendariei egiten dien eskaintzaren berri ematen. Izan ere, dendariek aukera daukate Udaleko Euskara Zerbitzua erabiltzeko, testu laburrak, kartelak, oharrak eta horrelakoak euskaratzeko; eta, horrez gain, Udalak hainbat material jartzen ditu merkatarien eskura: posterrak, zabalik/itxita kartelak, ordutegiak, hiztegi txikiak, merkealdietako kartelak…

Udalak, bestalde, diru laguntzak ematen dizkie dendako errotulua euskaraz jartzen dutenei (340 euro arteko laguntza jaso dezakete).

Arantxa Arrillagak bisitatuko ditu dendak

Dendaz dendako lana egiteko, Udalak hitzarmena sinatu du Herrio natur taldearekin eta, taldearen izenean, Arantxa Arrillaga oriotarra izango da establezimenduak bisitatuko dituena. Dagoeneko hasita dago lan horretan.