Droga-mendekotasunari aurrea hartzeko plana ebaluatzeko bilera izango da ostegunean

Orioko Udalak plan bat jarri zuen martxan 2006an, herrian droga-mendekotasunari aurrea hartzeko. Aurrena, azterketa bat egin zuen eta, hartan oinarrituta, plana diseinatu zuen gero.

Planaren diseinua bost urterako zen (2006tik 2010era) eta orain iritsi da garaia planak eman duena ebaluatzeko.

Horretarako, Udala lanean ari da Askagintza elkartearekin batera, planak zer eman duen eta zer hutsune izan duen baloratzeko.

Apirilaren 7an bilera

Ebaluazio-prozesu horren barruan bilera irekia antolatu dute Udalak eta Askagintzak kultur etxean datorren ostegunerako, apirilak 7, 18:30ean hasita.

Bilera horretan, planaren ebaluazioa egiteaz gain, parte-hartzaileek gogoeta egingo dute droga-mendekotasunaren fenomenoaren gainean.

Honako hau izango da ebaluazio-bilera horren programa:

18:30 Ongi etorria eta musika emanaldia (piano jolea), Orioko Udalaren eskutik.

18:45 Hitzaldia: droga-mendekotasunen fenomenoaren gaineko gogoeta, Askagintzaren eskutik.

19:30 Planaren ebaluazioa eta II. Planerako ildoak ezartzea.

20:30 Jardunaldiaren amaiera