Egun hauetan banatuko dira Orioko postontzietan Udalak argitaratutako patrikako egutegia eta UEMAren berripapera

Udalak patrikako egutegia argitaratu du aurten ere eta egun hauetan banatuko da herriko postontzi guztietara. Egutegia tamaina txikikoa da, karteran erabiltzeko modukoa, eta herriko telefono-agenda bat ere badakar, herritarrentzat baliagarria izan daitekeena.

Udalak 2.500 ale argitaratu ditu eta etxe guztietara iritsiko da ale bat. Norbaitek beste aleren bat nahi badu, udaletxean edo kultur etxean eskatu besterik ez dauka.

UEMAren berripapera

Egutegiarekin batera banatzen ari da, baita ere, UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) argitaratutako abenduko berripapera. Zortzi orrialdeko berripapera da, UEMAk argitaratu duen 48.a, eta mankomunitatea osatzen duten herri guztietan banatuko da. Guztira, 100.000 aletik gora zabalduko dira Euskal Herriko txokorik euskaldunenetan.

2018ko abenduko zenbaki honetan udalerri euskaldunen prebentziotik garapenerako urratsen inguruko hausnarketa eta jardunaldia da gai nagusia. Horrekin batera, udalerri euskaldunetako osasun zerbitzu publikoetako langileen hizkuntza gaitasunaren inguruko azterketa, gazteentzako hezkuntza proiektua edota Euskaraldia ere hizpide da aldizkariaren 8 orrialdeetan barrena, azken hilabeteotako beste hainbat konturi buruzko albisteekin batera.

Deskargatu hemen Berripaperaren PDFa

Berripapera48