Egunsenti otxoteak diskoa grabatu du eta salgai jarri du dagoeneko

Egunsenti abesbatza 1997an sortu zuen Joxe Mari Lizaso zuzendariak eta, geroztik, oso ezaguna egin da herrian, sarritan abesten duelako ospakizun eta jaietan. Gaur egun 14 lagunek osatzen dute taldea, denak edadean aurreratuak (bataz besteko adina 65 urtekoa da eta zaharrenak baditu 82 urte). Betidanik musika gustuko izan duen jendea da, eutsi nahi diona Euskal Herriko usadio zahar eder bati: lagun artean kantatzeko ohiturari.

Batez ere, Euskal Herriko folkloreko kantak abesten dituzte eta, baita ere, horrekin batera, musika erlijiosoa. Joxe Mari Lizaso zuzendariak musika erlijiosoa konposatzen du, eta oso kritika onak jaso ditu zeregin horretan. Abesbatzak laster ekingo dio Joxe Mari Lizasoren ?Agustin Deunaren Meza? lana grabatzeari.

Egunsenti abesbatzak toki askotan kantatu du, bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere: Huescan, Kantabrian, Errioxan?

Diskoa salgai

Uztailaren 18an aurkeztu duten diskoa udaberrian grabatu dute Elkar etxeko estudioetan. Diskoa Udalaren eta Egunsenti abesbatzaren arteko elkarlanaren fruitu izan da.

Guztira 19 kanta biltzen ditu; ia guztiak herri-kantak dira, baina horietako bi taldeak sortutakoak dira: ?O, Salutaris? eta ?Egunsenti?. Diskoa kalitate handikoa da eta, entzun duten adituen iritziz, goi mailako talde baten aurrean gaude. Lan handia egin dute ahotsak ondo koordinatzeko eta emaitza harrigarria da: talde oso bat ahots bakarra balitz bezala kantatzen, gozo eta, aldi berean, indartsu.

Diskoa 10 eurotan salduko da eta dagoeneko eros daiteke honako toki hauetan: Udaleko turismo bulegoan; Alustiza, Ontza eta Iturain liburu dendetan; Zaharren Babes Lekuan; Sarasua, Arkaitz, Gabon eta Ardora tabernetan; eta Izarra bideo dendan.