EIO Gazte orkestrak kontzertua emango du ostegunean, Ikastolako haurrekin batera

Datorren ostegunean, ekainak 26, kontzertu handia izango da Herriko Plazan, 20:00etan hasita, Orioko Herri Ikastolak antolatuta, Udalaren laguntzarekin.

Euskadiko Ikasleen Gazte orkestra 10-14 urte bitarteko gaztetxoz osatutako orkestra bat da, ia ehun lagun biltzen dituena. Orkestra osatzen duten ikasleek urtero egiten dute astebeteko egonaldi bat aterperen batean, entsaiatzeko eta elkar hobeto ezagutzeko, eta aurten Orioko Txurruka aterpetxean daude egun hauetan. Egokiera aprobetxatuz, Xabier Lizasok, Ikastolaren izenean, proposamena egin zien Orioko plazan kontzertua emateko eta hala egingo dute ostegun honetan.

Ikastolako 140 ikasle ere kantari

Kontzertu hori osatzeko, Xabier Lizasok ikastolako haurrak jarriko ditu kantari. Deialdi bat egin zuen ikastolan eta LHko eta DBHko 140 ikasle agertu da prest Benito Lertxundiren hiru kantu hauek abesteko: Baldorba; Oi, lur! eta Oi, ama Euskal Herria!

Guztira, beraz, berrehun eta hogeitik gora musikari gazte ariko dira ekitaldian. Musika-festa handia izango da.