Udaleko Euskara batzordeak antolatuta, errefortzu eskolak jarri dira abian aurten ere, ikasle etorriberrien euskara maila hobetzeko.
Astean hiru aldiz hartzen dituzte klaseak: astelehen, asteazken eta ostiraletan, ordu betez. Bi eskoletako haurrak ari dira parte hartzen, bi taldetan banatuta, adinaren eta euskara-mailaren arabera. Uztaila osoa daramate horretan.
Bederatzigarren urtea da Udalak errefortzu-eskola hauek antolatzen dituela udan eta ikastetxeek ondo baloratzen duten zerbitzua da.
Ikastolak utzitako gela batean ari dira klaseak hartzen, Onintza Manterola oriotarra irakasle dutela.
Argazkian ez dira ikasle guzti-guztiak agertzen; baina bai gehienak. 20tik gora gaztetxo dabiltza ikastaroa egiten.