Urtero bezala, Orioko Udalak eta UEMAk kanpaina egingo dute elkarlanean, herritarrek errenta-aitorpena euskaraz egitea bultzatzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz abiarazi zuen «100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz» egitasmoa eta horri helduko dio aurten ere. Lau urterako egitasmoa aurkeztu zuen iaz eta, horren baitan, «Ogasunarekin euskaraz» leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan. UEMAk ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat eginez, lelo hori gehitu du Gipuzkoako udaletarako prestatutako euskarri denetan.
Hemendik aurrera Ogasunarekin dauzkazun harremanak euskaraz izatea nahi baduzu, eskatu besterik ez duzu:
- Aitorpena errenta mekanizatuko bulegoan egiten baduzu: Nahikoa duzu hango langileari esatea eta aldatuko dizu.
- Interneteko Zergabidea plataforman egiten baduzu: Errenta aitorpena betetzean, hizkuntza-aukera egiten da: Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.
- Gestorian egiten baduzu: Nahikoa duzu gestoreari esatea aldatu egin nahi duzula.
Autolikidazioa onartzean, eskatu euskaraz izatea
Herritarren gehiengo handi batek autolikidazio-proposamena jasotzen du gaur egun. Autolikidazioa onartzerakoan (telefonoz deituta edo internet bidez), euskaraz nahi duzula esaten baduzu, hortik aurrera hala etorriko zaizkizu Ogasunarekiko komunikazioak, zuk besterik erabaki arte.
Urtez urte gehiago
Herritar gero eta gehiagok egiten du errenta-aitorpena euskaraz; baina, oraindik ere, askoz gehiago dira gaztelaniaz egiten dutenak. Udalaren helburua da urtez urte datu horiek hobetzen joatea. Iazko kanpainan, esaterako, 904 oriotarrek egin zuen aitorpena euskaraz, inoiz baino gehiago.
URTEA | Orion euskaraz egindako aitorpenak | % |
2019 | 904 | 28,40 |
2018 | 851 | 26,94 |
2017 | 840 | 27,20 |
2016 | 752 | 24,92 |
2015 | 715 | 23,98 |
2014 | 650 | 21,75 |
2013 | 570 | 19,28 |
2012 | 474 | 16,40 |
2011 | 429 | 14,68 |
2010 | 399 | 13,98 |
2009 | 308 | 11 |