Udaleko Euskara batzordeak urtero egiten duen Merkataritza Euskaraz kanpainaren barruan, hainbat kartel banatuko ditu aurten herriko dendatan.
Hasteko, ogien izenak euskaraz nola erabiltzen diren azaltzen duen kartela argitaratu du.
Euskara Zerbitzua hasita dago dagoeneko kartel horiek banatzen ogia saltzen duten Orioko dendetan. Bi tamainatan argitaratu da kartela: poster tamainakoa bat, handi samarra, eta txikiagoa bestea, edozein tokitan jartzeko erosoagoa. Dendariek aukera izango dute bat ala bestea jartzeko, daukaten tokiaren arabera.
Kartelak doan banatuko ditu Euskara Zerbitzuak okindegi guztietan. Ogia saltzen duen dendariren batek kopiaren bat nahi badu, bertara jo dezake, eskatzera edo telefonoz deitu udaletxera (943 83 03 46), euskara teknikariaren galdera eginez.
Kartelen diseinua Julian Toquero diseinatzaile lasartearrak egin du, Buruntzalderako iaz egin zituen kartel batzuk egokituta.
Kartel gehiago, laster
Euskara batzordeak kartel gehiago argitaratuko ditu aurten, kanpaina horren barruan: fruta dendatan banatzeko izango da bat, eta arrandegietarako beste bat.