Esker mila herriari eta barkamenak guztiei

balea

 

2016ko Balearen Eguna pasa da eta Kultura  Batzordetik,  kultura zinegotzi gisa, eskerrak  eman  nahi dizkiet oriotar guztiei, eta baita oriotarrak ez diren baina egun honetan parte hartu duzuenei.

Oso zaila da banan-banan denak eskertzea; horregatik, txalo handi bat Orioko herriari eta parte hartu duzuen talde guztiei, lan handia eta ederra egin duzuelako eta jai giro eder, alai eta baketsua  sortzeko gai izan zaretelako.

Gure errioa apaintzera kanpotik etorri zareten batelero guztiei  ere eskerrik asko.

Iñake Irastorza eta Marijeri txalo bero bat, herri antzerkian eskaini diguten lan bikainagatik, beren laguntzik gabe festak ez baitzuen zentzurik izango.

Benito Lertxundiri ere eskerrak, berriro ere Orion entzuteko aukera izan dugulako. Eta baita Jon Agirresaroberi ere, bertso saioaren antolaketan laguntza eskaini izanagatik.

Berriz ere Donostiako Aquariumari eskerrak eman beharrean gaude, egun hauetan guztietan eman digun laguntzagatik. Udaleko langileei, brigadakoei, udaltzainei… baina bereziki aipatu nahi ditut Imanol Urkizu Kultur Etxeko arduraduna eta Uhaina Atxotegi kultura teknikaria, beti egiten duten lan onagatik.

Barkamenak eskatu nahiko nizkioke herriari, akats bat izan genuelako igandean zabor bilketarekin. Barkatu eragozpenak sortu zizkien guztiei.

Eta, esan bezala, oriotar guztioi ZORIONAK, denon jarrera onagatik, eta, jakina, hobetu beharrekoak hobetuko ditugu denon artean.

Lourdes Salsamendi

Kultura zinegotzia