Orioko Udalak ohar hau argitaratu du, Realaren atzoko garaipena dela eta, Imanol Alguacil oriotarrari eta herritarrei zuzenduta:
Handia egin duzu, Imanol: Realarekin titulu bat irabazi duen entrenatzaileetako bat oriotarra dela jasoko dute hemerotekek eta hala oroituko dugu zaleok. Zure bihotzeko taldea gorenera eraman duzu; gaur loriatan zabiltza finala irabazteagatik, baina eguneroko lan umilari ematen diozun balioak egiten zaitu handi. Zubietan lehena omen zara sartzen eta azkena ateratzen; irabazi edo galdu, garbi hitz egiten duzu, aurkaria gutxietsi gabe eta zure taldearengan sinesten duzula transmititzen duzu…
Detaile txikitan irabazten dira partidak eta detaile txikitan erakusten du egoten dakien pertsonak. Bart banan-banan eskua eman diezu aurkariei partidaren amaieran, eta mediku eta erizanei eskaini diezu kopa. Eskerrik asko gure seme-alabei irakasten saiatzen garena hitzetan eta ekintzetan horren ongi erakusteagatik. Futbolak joko-zelaitik kanpo eskaintzen dituen zenbait balio zalantzan jartzekoak dira; baina, Imanol, zu bezalakoek egiten dute futbola hezur-haragizko.
Esker onez gaude oriotarrak. Eta zerorrek aipatu duzu «Orioko herri osoa» final osteko lehen elkarrizketan. Baina, covid garaiko kopa altxa berritan, buruak agindu behar dio bihotzari: erantzukizunez jokatu behar dugu. Ez da ospakizun jendetsuetarako garaia. Zerorrek ere partida amaitu berritan kontuz ibiltzeko eskatu zenigun zaleoi. Halaxe egingo dugu eta aurrerago ospatuko dugu elkarrekin, garaia denean. Gorde ezazu agendan egun bat, garaipen hau zure herriarekin ospatzeko.