Eskualdeko alderdi guztiek bat egin dute Zumaian edukiontziak erre izana salatzeko

Ekainaren 21ean, goizaldeko 04:30 aldera, 5 edukiontzi inguru erre dituzte nahita Zumaian.

Edukiontziez gain, kaltetuak izan dira, baita ere, Zumaiako herritar baten autoa eta etxebizitza. Kalte materialak 7.000 euro ingurukoak izan dira; baina, horrez gain, Udal Elkarteak nabarmendu du, kasu honetan, bizilagunen bizitza ere arriskuan jarri dutela eta hori onartezintzat jo du.

Ez da gertatzen den lehen aldia. Joan den apirilaren 3an 12 edukiontzi eta maiatzaren 13an beste 3 erre zituzten eta ibilgailu eta etxebizitzetan kalteak eragin zituzten, bizilagunen bizitza ere arriskuan jarriz orduan ere.

Gertaera horien aurrean oharra kaleratu dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta elkartea osatzen duten herri eta alderdi politiko guztiek:

Urola Kostako Udal Elkartea osatzen dugun herri eta alderdi politiko guztiek, gogor salatzen dugu bart gaueko ekintza hau; izan ere, honelako ekintzak zuzenean herritarrok kaltetzen gaitu, bai ekonomikoki eta baita sozialki ere, eta ez gaituzte inora ere eramaten.

Bide batez, kaltetu zuzenak izan zareten bizilagun guztiei gure elkartasuna adierazi nahi dizuegu eta honelako ekintzen aurrean ahalik eta kalte gutxien sorrarazteko neurriak hartzen saiatuko garela adierazi nahi dizuegu.