Euskaltegian izena emateko epea zabalik dago irailaren 22a arte

Udalak erraztu egin nahi du Orion euskara ikasteko aukera eta, horretarako, zerbitzu berritua jarri zuen martxan orain dela bi urte, Urola Kostako AEKren laguntzarekin. Aurtengo matrikulazio-epea zabalik da eta dagoeneko ari dira taldeak osatzen.

Autoikaskuntza

Euskaltegian aukera izango da talde presentzialetan izena emateko, maila guztietan; baina, baita ere, autoikaskuntzaz baliatzeko.

Orain dela bi urte hasi zen euskaltegia autoikaskuntzako aukera ematen, eta arrakasta handia izan du eskaintza horrek. Sistema horrekin, tutore batek gidatuta, lana bakarka egiten du ikasleak, etxean edo euskaltegian bertan, eta, ondoren, astean behingo bilerak egiten ditu tutorearekin, lanak zuzentzeko, zalantzak argitzeko, zailtasunak bideratzeko eta ahozko euskara lantzeko.

Autoikaskuntzak ikasketa pertsonalizatzeko aukera ematen du, ikasle bakoitzaren behar eta erritmoetara egokituz.

Bestelako eskaintzak

Autoikaskuntzaz gain, euskaltegiak eskaintza zabala izango du:

  • 0 mailako ikastaroak
  • Euskalduntzeko maila guztiak
  • Azterketak prestatzeko ikastaroak (B1, B2, C1 EGA)
  • Alfabetatze ikastaroak
  • Mintzalagun taldeak

Talde presentzialetan astean 8 ordu ematen dira, bina ordu astelehenetik ostegunera.

Izena ematen duen jendearen arabera antolatuko dira taldeak.

100 euroko matrikula

Udalaren nahia da oriotarrek moduz ikasi ahal izatea euskara eta, beraz, ikastaroen prezioa oso merkea izango da Orion erroldatuta daudenentzat: 100 euro, edozein ikastaro.

Udalarekin zorrak dituzten herritarrek ezin izango dituzte ikastaroak prezio horretan egin, eta matrikularen kostu osoa ordaindu beharko dute.

Izen-ematea

Izena emateko epea zabalik dago irailaren 22a arte. Izena emateko, euskaltegiaren egoitzara joan daiteke (KTA eraikinean), honako ordutegian: Astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 20:00etara eta astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 13:00era.

Telefonoz ere egin daiteke inskripzioa, AEKren zenbaki honetara deituta: 670 42 00 25 (Amaia Zaldua). Edota posta elektronikoz, orio@aek.eus helbidera idatzita.

Información en castellano