Euskara batzordeak oharra argitaratu du, Zaragueta eskolaren 40. urteurrena dela-eta

40 urte bete dira aurten Zaragueta eskolan euskarazko klaseak ematen hasi zirenetik eta, hori dela-eta, honako oharra argitaratu du Orioko Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeak:

Zorionak Zaragueta eskolari!

1977-78 ikasturtean hasi ziren euskarazko klaseak ematen Zaragueta eskolan eta aurten, beraz, 40 urte bete dira. Geroztik, bide oparoa egin du Zaraguetak euskarazko lerroak bultzatzen eta urte asko dira klase guzti-guztiak euskaraz ematen direla Orioko eskola publikoan.

Franco hil berritan, eskola publikoko guraso eta irakasle askok ikusi zuten premia irakaskuntza publikoan ere euskara normaltasunez sartzeko, eta buru-belarri jarri ziren horretara. Orion ere guraso eta irakasle euskaltzale haien eraginari zor zaio, batez ere, eskolan euskara sartzea. Hasiera ez zen erraza izan eta bidean traba ugari topatu zituzten; baina etsi gabe jarraitu zuten aurrera eta, pausoz pauso, gaur egungo eskola euskalduna eraiki zuten.

Udaleko Euskara batzordeak eskerrak eman nahi dizkie, herritarren izenean, euskararen aldeko txingurri-lana urtez urte egin duten guraso eta irakasle euskaltzaleei eta, oro har, gaur egungo eskola-komunitatea osatzen duten guztiei. Zorionak eta mila esker!

Orioko Udaleko Euskara batzordea