KARKARA elkarteak eta Orioko Udalak deituta, EUSKARALDIA aurkezteko ekitaldia egin zen joan den larunbatean, otsailak 3, larunbatarekin. 80 bat lagun bildu ziren Arraunetxeko areto ederrean, Andoni Egañaren hitzaldi laburra eta Arrate Illaroren azalpenak entzutera.
Ekitaldiaren hasieran Udaleko Euskara batzordeko buru Aitziber Camposek eta KARKARA elkarteko Rikardo Uzkudunek hartu zuten hitza, bertaratuei ongietorria egiteko eta ekitaldiaren nondik norakoak azaltzeko. Segidan, Andoni Egañak hogei minutuko hitzaldi laburra eman zuen hizkuntzaren egoeraz, gure eskualde euskaldunaren ikuspegitik, eta gaiari buruzko zertzeladak eta anekdotak harilkatu zituen ondo jositako solasean. Ondoren, Arrate Illarok azaldu zuen zer den EUSKARALDIA, nondik sortu den, nola gauzatuko den Euskal Herri osoan eta zein diren urtea bukatu arte aurreikusten diren lanak. Arrate Illarok Euskaltzaleen Topagunearen izenean hitz egin zuen, bertan ari baita lanean EUSKARALDIA koordinatzen.
Ekitaldiari bukaera emateko, Bixente Lasa eta Jon Agirresaroberen artean prestatutako patata-tortilla pintxoak eta sagardoa izan ziren oparo, eta bertaratuek gustura jan zituzten solasaldia luzatzen zuten bitartean.
Lantalde zabala
Ekitaldiak garbi erakutsi du badagoela euskararekiko kezka oriotarren artean eta askok ikusten dutela erabilera sustatzeko ekimenen beharra.
Ekitaldian bertan hogeitik gora lagunek adierazi zuten prest daudela EUSKARALDIA Orion bideratzeko osatuko den lantaldean parte hartzeko. Beste askok, berriz, esan dute, lantaldean parte hartu gabe ere, prest daudela era batera edo bestera laguntzeko eta interesa dutela informazioa jasotzeko.
KARKARA eta Udala gustura agertu dira oriotarrek deialdiari emandako erantzunarekin eta poza agertu dute bertaratuek erakutsi duten lanerako prestutasunagatik.