2013ko apirilean aurkeztu zuen Orioko Udalak ‘Euskaraz bizi-bizi’ programa eta, geroztik, ekimen ugari jarri ditu martxan goiburu horrekin. Orain beste urrats bat egin du eta datozen lau urteetarako plan estrategikoa onartu du izen honen pean: ‘Euskaraz bizi-bizi plan estrategikoa (2014-2017)’
Udalak 2014ko abenduko udalbatzarrean onartu zuen euskararen plan estrategikoa datozen urteetarako. Alderdi guztien aldeko botoarekin onartu zuen, aho batez.
Zer da euskararen plan estrategikoa?
Hitz gutxitan esanda, hauxe da euskararen plan estrategikoa: datozen lau urteotan (2014-2017) Udalak euskararen alorrean non eragin nahi duen eta zein lehentasun izango dituen markatzen duen dokumentua.
Onartu berri den dokumentua lantzeko, Udaleko Euskara Zerbitzuak lehen zirriborro bat egin zuen eta Salatxo aretoan egindako bilera irekian azaldu zien herritarrei iazko urrian. Ondoren, herritarrek egindako ekarpenak jaso eta bigarren zirriborro bat prestatu zuen, Udaleko Euskara batzordeari aurkezteko. Euskara batzordeko kideek ere, alderdi politiko bakoitzetik bana, ekarpenak egin zizkioten dokumentuari eta, horrela, osatuta geratu zen gero plenoak onartu duen plan estrategikoaren dokumentua.
Alorrez alor
‘Euskaraz bizi-bizi plan estrategikoa (2014-17)’ dokumentuak 36 orrialde ditu. Lehen zatian gaur egungo egoeraren diagnosia egiten du, alorrez alor: euskararen transmisioa familietan, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, kultura eta kirola… Bigarren zatian, berriz, hainbat neurri proposatzen ditu, datozen urteetan aplikatu beharrekoak, alor horietako bakoitzean euskararen egoera hobetzeko
Datozen urteetarako lehentasunak
Udalak 2013an ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoa abian jartzea erabaki zuenean, helburu argi honekin egin zuen: oriotarren kontzientzia linguistikoan eragitea, euskaraz bizitzeko aukera egin dezaten. Ematen du horrek behar duela datozen urteetarako lehentasunetako bat.
Beste lehentasun nagusia euskararen irakaskuntzarena da. Gaur egun oso eskaintza eskasa du Oriok herrian euskara ikasi nahi duenarentzat eta, azken urteotako joerak ikusita, badirudi horren premia handitzen ari dela. Horri konponbideren bat eman behar zaio.
Azkenik, ahalegin handiena behar duten esparruak berariaz lantzeko proiektu zehatzak jarri behar dira martxan: kirolean, merkataritzan eta parkeetan.
Helduen erabilera %5 handitzea helburu
Kontuan hartuta pertsona helduen erabilera dela azken urteotan jaisten ari dena, kale-neurketen datuek erakusten dutenez, honako helburua ezartzen du Udalak: plan estrategikoaren indarraldia bukatzen denerako, 2017rako, helduen euskararen erabilera 5 puntutan igotzea, %56tik %61era.
Dokumentua non lortu?
Dokumentu osoa webgunean zintzilikatuta dago, PDF formatuan, honako estekan:
Euskaraz bizi-bizi plan estrategikoa (2014-2017), PDF formatuan
Nahi duenak hortik deskarga dezake