Euskaraz bizi nahi dutenentzako prestakuntza-saioa

Orioko Udalak prestakuntza-saio bat antolatu du, ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan, euskaraz bizi nahi duten elkarte eta norbanakoei zuzendua.

Saioa maiatzaren 29an izango da, asteazkenarekin, SALATXO areto berrian, 18:30ean hasita, eta irekia da gaiarekin interesa duten guztientzat.

Udalak dei egiten die herriko euskaltzale guztiei, bertaratzeko eta, talde-lanean, elkarren kezkak konpartitzeko.

Saioa Kontseiluko Maite Indak gidatuko du, Jon Agirresarobe ‘Torrotxo’ euskara batzordeburuaren eta Jabier Zabaleta udal euskara teknikariaren laguntzarekin.

Saioa antolatzeko, Udalak, Kontseiluaren laguntzaz gain, UEMArena ere izan du. Aurreneko aldia da Kontseiluak eta UEMAk horrelako saio bat antolatzen dutela; baina asmoa dute, etorkizunean, herri euskaldunenetan, arnasguneetan, horrelako beste batzuk antolatzeko.

HELBURUA

Prestakuntza-saioaren helburua honako hau da: arnasguneetako biztanleei —oriotarrei, kasu honetan— ikusaraztea nolako garrantzia duen bakoitzak euskara erabiltzearen alde egunero erakusten duen jarrerak, eta ulertaraztea herritar bakoitzak egunero egiten dituen aukera kontzienteen araberakoa izango dela euskararen etorkizuna. Hiztun kontzienteak sortzea da euskalgintzak gaur egun duen erronka nagusia eta horretarako tresnak ematea da prestakuntza-saioaren bidez Udalak lortu nahi duena.

TALDE, ERAGILE ETA NORBANAKOEI DEIA

Udalak prestakuntza-saiora azaltzeko deia egiten die herriko taldeetako ordezkariei, euskalgintzan eta herrigintzan dabiltzan eragileei eta gaiarekin kezka duten norbanakoei. Hizkuntza eraikuntza kolektibo bat den neurrian, garrantzitsua da ahalik eta parte-hartzerik handiena lortzea, saioa arrakastaz burutzeko.