Eusko Jaurlaritzak eta Orioko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Kai Aurreratuaren Proiektua elkarren artean finantzatzeko

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Aitor Etxebarria Eusko Jaurlaritzako portu eta itsas gaietako zuzendaria Orion izan dira gaur arratsaldean eta Jose Angel Zaldua Orioko alkatearekin eta zinegotziekin elkartu dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Orioko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko, honako helburua duena: Orioko moilan, Herriko Plazako 5 zenbakiaren aurrean, egingo den kai aurreratuaren proiektua elkarren artean finantzatzea.

Oinezkoentzako gune berriak eta aldaketak zirkulazioan

Hitzarmenaren xedea Orioko itsasadarraren eskuineko ertzaren erriberako kaia handitzeko soluzio teknikoa ematea da eta, aldi berean, Orioko Herriko Plazaren eta bere ingurunearen berrantolaketa urbanoa bultzatzea, oinezkoentzako gune berriak sortuz.

Obra garrantzizko horrek eragina izango du portuko domeinu publikoan. Horren titulartasuna Euskadiko Autonomia Erkidegoarena da. Egingo den obraren ondoren, bi noranzkoetako zirkulazioa duen errail bikoitzeko bidea egingo da moilan eta, horretarako, portuko azalera okupatu behar da. Bestalde, bide horren trazatua Eusko Gudarien kalearekin bat egiten duen kurbarekin bateragarri izan dadin, moila zabaldu egin behar da, atrakatzeko moduko kai baten ezaugarriekin.

2019an egingo dira lanak

Onartu den proiektua kontuan izanda, beharrezkoak diren jarduketetarako aurreikusten den kostu osoa 1.681.976 €-koa da (BEZ barne), eta honela banatuko da: Orioko Udalak 516.642,89 € ordainduko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 1.165.333,09 €. Proiektuan aurreikusten diren jarduketak 2019an egingo dira, ezeren okerrik ez dela. Bai Jaurlaritzaren ordezkariek eta bai alkateak barkamena eskatu dute, aldez aurretik, sortuko diren eragozpenengatik eta adierazi dute saiatuko direla lanak ahalik eta modu eraginkorrenean bideratzen.

Bi aldeek azpimarratu dutenez, Oriok portu kontzeptu globala du: bertan egiten diren jarduerak eta bestelako erabilera guztiak oso gertu daude, eta bat egiten dute ingurune urbanoan integratuta dagoen espazio fisiko bakarrean. Hori dela eta, beharrezkoa zen bi aldeen beharrei modu antolatuan erantzungo dien soluzio eraginkorra adostea.

hitzarmenamoila18