Urola Kostan familia-turismoa sustatzekoa helburuarekin “Familiz-family” izeneko eskaintza-sorta prestatu dute eskualdeko eragile turistikoek. Urriaren azken astebururako ondu da pakete turistiko hau, gurera datozen familiei begira.
Urola Kostako eragile turistikoen helburua da eskualdeko eskaintza turistikoa dibertsifikatzea eta udako hilabeteetatik kanpo ere indartzea, gure herriek urte osoan dute-eta zer eskainia bisitariei.
Ekimena beste urrats bat da sektorea sendotzen jarraitzeko eta bisitariei aukera ematen die balio-erantsi nabarmena duten esperientziez gozatzeko.
Turismoko Lankidetza Mahaia
Eskualdeko turismo sektoreko Lankidetza Mahaiak landu du “Familiz-family” eskaintza-sorta. Izan ere, Lankidetza Mahaiaren lan ardatzetako bat familia-turismoarena da.
Sektore publiko nahiz pribatuko eragileen elkarlanerako gunea da Lankidetza Mahaia. Urola Kostako Udal Elkarteak sustatuta, turismo alorreko eskualdeko 7 enpresa pribatuk hartzen dute parte, oraingoz.
Lehenbiziko eskaintza, urriaren bukaeran
Urriaren azken asteburuan gozatu ahal izango da estreinekoz “Familiz-family”ren baitako eskaintzez. Urriaren 26tik 28ra bitartean eskainiko da eta bi aukera izango dira: alde batetik, oinarrizko plana eta, bestetik, Premium izenekoa. Xehetasun guztiak eskuragarri daude ondorengo orrialdean: http://www.basquedestination.com/eu/familiz-family/
Basque Destination agentzia
Ekimena aurrera eramateko, ezinbestekoa izan da Basque Destination agentziako arduradun Lore Urangaren laguntza. Izan ere, eskualdeko agentzia hartzaile bakarra denez, bere gain hartu du ekimenaren kudeaketa eta merkaturatzea.
Eskualde ikuspegiarekin ondu da proiektua. Eskualdeko bost herrietako eskaintza erakargarrienekin osatu dira eskaintzak. Hartara, bisitariek Urola Kosta bere osotasunean ezagutzeko aukera izango dute.
Hauexek dira, elkarlanean eta Urola Kostako Udal Elkartearen babesean, ekimenean parte hartu duten enpresak: Basque Destination, Maisor, Katxiña Bodega, Begi Bistan, Egona, Exprientziak, Arazi eta San Prudentzio Hotela.