Fernando Anbustegiren haurrentzako saioa izango da Abaromendin abuztuaren 11n

Udalaren udako programazioaren barruan ‘Kontu eta kantu’ izeneko saioa emango du Fernando Anbustegik ostegunean, 19:30an hasita. Saioa Abaromendi parkean izango da eta 3-9 urte arteko haurrei zuzendutakoa da. Izenak dioen bezala, saioak kontuak eta kantuak uztartuko ditu: Fernando Anbustegik berak sortutako ipuinak kontatzeaz gain, bertsoak ere tartekatuko ditu.

Saioaren helburu nagusia haurrek ondo pasatzea da; baina, horrekin batera, literaturarekiko eta bertsolaritzarekiko atxikimendua bultzatu nahi du.

Fernando Anbustegi nafarra da, Elizondokoa, eta bertsolaritzari buruzko programa bat zuzentzen du Xorroxin irratian. Horrez gain, gai-jartzaile lanetan ibili ohi da bertso-saio eta txapelketetan.