Festetako argazki zaharrak bildu nahi ditu Udalak herritarren laguntzarekin

Orioko Udalak San Nikolas edo San Pedro jaietan ateratako argazki zaharrak bildu nahi ditu, bere argazki zaharren fondoa osatzeko. Horretarako, dei egiten die herritarrei, etxean dauzkaten festetako argazki zaharrak kultur etxera eramateko. Kultur etxean, Imanol Urkizu udal langileak argazkiak eskaneatuko ditu eta, ondoren, ekarri duenari itzuliko dizkio.

Zaila da denbora-muga zehatza jartzea (zer da argazki ‘zahar’ bat?); baina Udalak gustura jasoko lituzke 1980ko hamarkadatik atzerako ahalik eta argazki gehien.

Argazki horiek erabil daitezke, gero, festetako programan edo, beharbada, Udalaren argitalpenen batean edo erakusketaren batean.

Aurkezteko epea

Horrelakoetan epe bat jartzea komeni izaten da eta Udalak erabaki du bilketa-lana urrian egitea. Beraz, herritarrei eskatzen die ondo miatzeko etxeko armairu eta kaxoiak, eta topatzen dituzten festetako argazki zaharrak kultur etxera eramateko urriaren 31 baino lehen.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie oriotarrei, aldez aurretik, deiari erantzuteagatik eta beren argazkiak uzteagatik.